euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz burutu dira Argentinako Mendozan Euskara Munduan-en Barnetegia eta Irakasleen Trebakuntza

2016/07/26

2016ko Neguko Barnetegiko talde argazkia
2016ko Neguko Barnetegiko talde argazkia

PUBLIZITATEA

HABEk kudeatzen duen Euskara Munduan programaren 2013-2016 tarteko zortzigarren barnetegia bukatu berria da Mendozako Denak Bat Euskal Etxea eta FEVA antolatzaile. Uztailaren 16tik 23ra kuzatu den Ikastaro trinkoa bukatuta, euskal etxeetan irakasle aritzen direnei begirako jardunaldi pedagogikoak ere egin ziren 23an eta 24an. Programako kideekin elkartu eta programari babesa adieraztearren, FEVAko lehend akari Hugo Andiazabal propio bertaratu zen Mendozara.

Mendoza, Argentina2016ko Neguko Barnetegia Mendoza hirian egin da, uztailaren 16tik 23ra, Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal etxeetako ikasle-irakasleak partaide. EuskalKultura.com-ek ikastaroaren balantzeaz galdetuta, programaren arduraduna den Kinku Zinkunegik balorazio ona egin du. "Guztia ondo baino hobeto joan da barnetegi honetan ere. 2013an hasi zen taldea 2016an berregokitu behar izan dugu. Ikasle batzuk kanpoan geratu dira eskatzen genuen maila ez zutelako ematen, baina berriak ere jaso ditugu, 2012an lehenengo maila egiaztatzetik hurbil geratu zen jendea".

"Gogora dezagun orduan egin zirela lehen aldiz Buenos Airesen HABEko egiaztatze frogak eta talde hartakoak gonbidatu ditugu, momentu egokia zelako sartzeko; asmoa da 2019an guztiei 2. maila (2a) egiaztatzeko aukera ematea. Eta jende berriarekin bilakaera oso naturala izan da, gorabeherarik egon eta oso ondo egokitu dira. Azpimarratu nahi dudan beste salto bat da barnetegi honetan sumatzen dela jendeak euskaraz hitz egiten duela ez bakarrik klasean, klasetik kanpo ere eta naturaltasunez komunikatzen direla beraien artean euskaraz, otorduetan, aisialdian-eta”.

“Beste alde batetik, barnetegi honetan bi irakasleak argentinarrak izan dira, Rocio Basterra eta Sabrina Otegui, eta hori ere aipatzekoa da. Horrek erakusten du nahiz eta materialak eta laguntza Euskal Herritik eman, hau bezalako ikastaroa egiteko baliabideak Argentinan bertan dauzkagula. Lan bikaina egiten dute, gai dira taldearekin aurrera egiteko eta maila eta kalitateari eutsiz egin dute aurrera”.

Asteburuko irakasleentzako trebakuntza

Azken urteetan egin den legez, neguko ikastaro trinkoa bukatu eta gero jardunaldi pedagogikoetan parte hartzeko aukera izan zuten trebatzen ari diren irakasleek joan den asteburuan. Zinkunegik azaltzen duenez, “programako ikasle batzuk hasi dira jadanik klaseak ematen eta beste batzuk laster egingo dute. Baina hemen irakasleak ari gara trebatzen eta euren kezkak ere bildu nahi izan genituen eta haien inguruan hausnartu. Eskari nabarmenenak izan dira oinarrizko tresna pedagogikoak behar dituztela; argitu behar da hemengo irakasleak ez daukatela Euskal Herrikoen dedikazio profesiona la, alegia normalean Euskal Herrian irakasleak egun osoan aritzen dira irakasle eta hemengoetan asko profesionalak dira, baina beste arlo batzuetan eta beren ohiko lanez aparte astean hiruzpalau ordu baino ez dira euskara irakasle, ‘irakaskuntzan trebatutako irakasleak’ izan gabe. Taldeen eraketa Euskal Herrian baino askoz ere konplexuagoa da eta baliabide gutxiagorekin, aurrera atera behar dituzte konplexutasun handiko taldeak, talde berean adin ezberdinetako jendea egoten baita, helburu eta erritmo ezberdinekin eta aniztasun hori kudeatzea zaila baita; eta horren kezka sortzen die irakasleei”.

“Beste kezken artean materialarena ere aipatu zen. Eta egon badago material asko hemen Argentinan baina baliteke falta dena material hori behar bezala ezagutzea falta izatea. Komentatu bezala agertu zen, azkenik, erronka berriei nola erantzun, ikasleak eta ikasteko erak asko aldatzen ari baitira".

Denak Bat-en, euskara lehentasuna

Barnetegiaren egoitzari eta elkarretaratzearen antolatzaile izan den euskal etxeari dagokionez, zorion hitzak besterik ez ditu izan Zinkunegik: “Nire ustez eredugarria da Mendozako Euskal Etxea. Euskarak leku nagusia betetzen du eta momentu honetan hiru irakasle daude –tartean euskal etxeko lehendakaria den Alicia Aguirre– eta denak Euskara Munduan-etik pasa dira. Euskararekiko dagoen jarrera eta sentsibilitatea ezin hobea dira eta hori ikusi egin da barnetegian. Egonaldia ezin hobea egin digute eta denagatik txalo beroa emango nieke Denak Bateko batzordeari, ikasleei eta hau bideratu duten guztiei”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia