euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz bururatu du Chacabucoko Euskal Etxeak 2023ko lehenengo Taberna, EHrako bidaia irailean hurbil duela

2023/05/22

Adin guztietako dantzarieak aurkeztu dira Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak maiatzaren 20an antolatutako Tabernan
Adin guztietako dantzarieak aurkeztu dira Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak maiatzaren 20an antolatutako Tabernan

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Berrehun lagunetik gora bildu zituen pasa den larunbatean Taberna arrakastatsu batean Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak, ongi etorri egokia emanez, beraz,bhautatu berria duen Zuzendaritza Batzorde berrituari, Juan Cruz Zubeldia buru. Jate kontuetan plater tipiko eskaintza ugaria emateaz gain, Cesar Menta bertako artistaren eta Euskal Etxeko txikien eta helduen dantza taldeen aurkezpena ere izan zuten ekitaldiaren edergarri.

Zubeldia lehendakaria pozik agertu zaio EuskalKultura.eus-i jarduerak bildutako partaidetza eta arrakastaz. "Jende asko etorri zen, polito atera zen, eta guztiak oso gustura atera zirenez, ezin gehiago eskatu. Egiari zor, guretzat, Taberna aitzaki moduko bat da gure burua gizarteari erakusteko, jende berria hurbilarazteko, gure eta gure kulturaren berri izan dezaten eta, ahal den neurrian, antolatzen ditugun bestelako jardueretara gehitzeko”, adierazi digu Euskal Etxeko diruzain ohi eta egungo lehendakari Juan Cruz Zubeldiak.


Chacabucoko EEko lehendakari Juan Cruz Zubeldia eskerrak ematen bertaratutakoei

Jarduerak eta Euskal Herrirako bidaiaren seigarren edizioa

Datorren ekainaren 19an elkarteak 34 urte beteko ditu eta urteurren afari handi batekin ospatuko dute. Baina, jaiez eta jatearen inguruko deialdiez gain, Euskal Etxeak baditu bestelako jarduerak ere, komunitate osoari irekiak, horien artean adin guztietarako dantza taldeak, mus partida eta txapelketak, euskara klaseak eta beste zenbait.

Izan ere, martxan dituen bestelakoen artean, proiektu preziatuenetakoa du Euskal Etxea bera antolatzaile duen Euskal Herrirako bidaia, aurtengoan seigarren ediziora iritsiko dena. 20 lagun inguruko ordezkaritza bat abian da irailean arbasoen jaioterrira. Eginak dituzte zenbait koordinazio-bilera, hurrengoa, ekainaren 8rako finkatua, parte-hartzaileen behin betiko zerrenda ixte arren. Interesatuak Euskal Etxearen sare sozialen bidez jar daitezke harremanetan, informazio gehiago nahi izanez gero.

-Instagram: Centro Vasco Chacabuco
-Facebook: Centro Vasco Chacabuco



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia