euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz bukatu da San Nicolasen 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionala, "helburuak bete ditugula"

2017/11/13

Danborrada 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren baitan San Nicolas-en (arg.Maru Maiztegui)
Danborrada 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren baitan San Nicolas-en (arg.Maru Maiztegui)

PUBLIZITATEA

Giro berezia bizi izan du joan den aste osoan, ohi bezala gailurrak asteburuan izanik, Buenos Aires probintziako San Nicolas herriak, bozkarioz eta arrakastaz ospatu baitute bertakoek eta Argentina hamaika lekutatik etorritakoek Euskal Argentinar Aste Nazionala 2017. Erronka zen San Nicolas bezalako herri batentzat, baina eutsi egin diote eta lan gogorraren emaitzak agerian geratu dira. Bihartik aurrera, urtero bezala, Euskal Astearen argazki-kronika eskainiko du datozen egunetan EuskalKultura.com-ek.

San Nicolas, Argentina. Urtero bezala, urte osoan espero izandakoa iritsi eta nahi baino azkarrago joan da aurten ere. Atzo eguerdiz eginiko bazkari jendetsuarekin eman zaio amaiera 2017ko Euskal Argentinar Aste Nazionalari. Argentinako hamaika herri, hiri eta euskal etxetatik etorritako jendeaz gain, Euskal Herritik ere bildu da jendea, eta baita ere inguruko Uruguai, Brasil eta Txiletik. Txileko Santiagotik etorritako lagunek, bidea prestatu zuten iaz eta aurtengoan dantzariak ere bidali dituzte, lehen aldiz, "Itxaropen Gaztea" taldeko partaideak hiriburuko Euzko Etxearen ordezkari izan baitira San Nicolasen, euskal etxeko lehendakaria ere ordezkaritza euskal-txiletarreko buru.

Euskal Herritik, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzako kideak bildu ditu, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia buru, eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu partaide eta euskal etxeekiko solaskide natural. Nobedadea, ordea, Iparraldeko euskaldunen ordezkari etorri den Jean Lassalle diputatu bearnesa izan da. Batzuek, ikastolei buru egindako hitz gogorren ondotik joan izana kritikatu diote. Bertan ibili izan da, baina, Euskal Asteko giroak inguratuta.

Kantarietan, Mikel Urdangarin-ek hanka daukan moduan edukita joan izana estimatu zuten, Euskal Astekoaz gain beste bi kontzertu emanik, La Platan eta Buenos Airesen. Michel Etcheverry-k ere tour polita antolatu du Euskal Astearen inguruan, eta Xabaltx-ek, azken orduko kontzertua iragarri du Euskal Astetik etorrita bihar Buenos Airesen (ikus agenda).

Aipatutakoez gain, aurtengo Euskal Asteko beste berritasun bat katalan-argentinarren partaidetza izan da, eta La Platako Casal de Catalunyako dantzarien pemanaldia herrialde hura igarotzen ari den egoerari hurbildu eta atxikimendu eta elkartasun keinu gisa. Dantzarien emanaldian, bestetik, ohiko dantzari bakarraren agurraren ordez, euskal etxeko bakoitzeko dantzari banak osatutako talde batek egin zuen ohorezko dantza.

Baina honi guztiari buruz, eta Euskal Asteko egitaraua egunez egun segituz, bihartik aurrera argitaratuko dugu artikulu edo argazki-kronika sorta.

 



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia