euskal diaspora eta kultura
2010/05/03
PUBLIZITATEA
Caracas, Venezuela. Bukatu berria du joan den larunbatean Caracasen EIOk (Euskadiko Ikasleen Orkestra) Venezuelara astebetez egin duen bira laburra, honen barnean bi emanaldi egin dituelarik, joan den asteartean bata, apirilaren 27an, Humboldt Kultura Elkartearen aretoan, Tchaikovsky, Dvorak eta Francisco Escuderoren obrak jendaurretuz, eta iragan larunbatean bestea, Maiatzaren Lehenean, Musikaren Gizarte Ekintza Zentroan, besteak beste Francisco Escuderoren 'Dantzari baten ametsa' eskainiz, eta agertokia Venezuelako Francisco de Miranda Gazte Orkestra Sinfonikoarekin partekatuz. Izan ere, emanaldiko azken zatian, bi orkestrak elkarrekin aritu ziren, bildutako jendearen txalo eta esku-zarta handi eta entusiasmatuak bilduz.
Kontzertuko publikoaren artean Caracasko Eusko Etxeko eta euskal gizataldeko ordezkariak eta Euskadiren Kolonbia eta Venezuelako Ordezkaritzako buruak zeuden, eta baita Espainiako Enbaxadakoak ere. Ekitaldia amaitutakoan, Iñaki Martinez Eusko Jaurlaritzako Kolonbia eta Venezuelarako Ordezkariak Lehendakariak sinatutako gutun bat pasatu zion espedizioarekin zetorren Hezkuntza Saileko Marcelino Hernandez Eskoletako zuzendariari EIOko partade bakoitzari bana emateko. Bertan Patxi Lopezek musikak "kulturak elkarrekin lotzeko tresna" gisa duen balioa azpimarratzen du, "eragozpen guztiak gainditzen dituen lengoaia" gisa balioetsiz, aukera probestuz zorionak emateko eta eskertuz musikari gazteei musikaren bidez Venezuelan "gizarteen arteko zubia eta desberdinen arteko lokarri apurezin bat" eraiki izana, eta aitortuz baita ere oro har "Euskadiren enbaxadari bezala" eta "musikarekiko zaletasuna, adiskidantza eta lanarekiko dedikazioa" zabaltzearren orkestrak egiten duen lana.
Agertokiko zereginak amaitu ondoren, bi orkestra gazteetako musikari eta buruzagiak Caracasko Las Terrazas de Las Mercedes jatetxera bildu ziren lagunarteko afari bat egiteko, Venezuelako Haur eta Gazte Orkestren Sistema Nazionalak egindako gonbiteari segituz.
Eusko Jaurlaritzak Kolonbia eta Venezuelarako Bogotán duen Ordezkaritzatik zehaztu egin da aurretik emandako informazioa, haren arabera Euskadiko Ordezkari Iñaki Martinezek banan bana emana bailioke EIOko gazte musikarietako bakoitzari Lehendariak sinatutako gutun bat, testuak aipatzen duen gutuna hain zuzen.
Oharrak zehazten du azkenean Lehendakariaren gutun horiek espediziokide etorri zen Hezkuntza Saileko Marcelino Hernandez Eskoletako zuzendariari eman zizkiola Iñaki Martinezek, eta Marcelino Hernandezek hartu zuela gazteetako bakoitzari gutuna pertsonalki helarazteko ardura.
Informazioa zuzenduta dago jadanik testuan.
EuskalKultura.com erredakzioa, 2010/05/03 21:07
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus