euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz bukatu da Villa Mercedes herriko EEari atxikitako 'Camerata de la Luna' abesbatzaren euskal itzulia

2009/09/28

Camerata de La Luna Gipuzkoako Zegaman eman zuten kontzertuan (argazkia EuskalKultura.com)
Camerata de La Luna Gipuzkoako Zegaman eman zuten kontzertuan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

'Luxuzko kultur enbaxada' legez aipatu dute Ordizian 'Camerata de La Luna' abesbatza argentinarrak Euskal Herrira irail honetan egin duen hamar eguneko itzulia. "Txundituta utzi naute, ez bakarrik elizako eta argentinar folkloreko kantuengatik, baizik eta euskal kantuez egin duten interpretazioagatik", esaten zion EuskalKultura.com-i taldea Zegamako emanaldian entzun zuen Donostiako abesbatza bateko kide batek. "Orain badakigu Villa Mercedes Argentinako mapan kokatzen, eta kultur arloa lantzen dutela eta euskal etxe bat badutela ikasi dugu", esaten zigun, bere aldetik, Zegamako Orkatz abesbatzako beste batek. Villa Mercedesko Euskal Etxeari atxikitako 'Camerata de La Luna'ren bisitak bultzada berria eman dio herri argentinar horren eta Ordiziaren arteko senidetze harremanari. Taldearen itzulia Ordizia, Aretxabaleta, Idiazabal, Donostia eta Zegamara iritsi da, besteak beste.

Donostia-San Sebastian. Villa Mercedesko --Argentinako San Luis probintzian-- Euskal Etxeko ordezkaritza bat Euskal Herrian izan da irail honetan, bere baitangoa den Camerata de La Luna abesbatza aurkeztuz, guztia herri argentinar horrek eta Euskal Herriko Ordiziak daukaren senidetasun harremana tarteko. Ordiziako Santa Ana abesbatza 2006an izana zen Villa Mercedesen, hiri haren 150. urteurrenaren karietara. Oraingoan beraz talde argentinarra euskaldunek aurretik eginiko bisita ari zitzaien itzultzen.

Ordezkaritza argentinarreko kide ziren bertako Euskal Etxeko lehendakaria, Liliana Rouan dit Narbeburu, zuzendaritzako kidea Julio Esnaola, eta Camerata de La Lunako kantariak, Francisco Mensa zuzendari: Daisy Cabeytú, Claudia Quattroccio, Mariana Alfaro, Yanina Tornello eta Laura Laurenti (sopranoak); Glenda Ahumada, Verónica Ahumada, Lorena Cabeytú (kontraltoak); Martín Corciglia, Juan Pablo Corciglia eta Ignacio Fernández (tenoreak); Luciano Becerra, Bruno Spinazzola eta Juan José Cabeytú (barítono eta bajoak).

Ordizia, Aretxabaleta, Idiazabal, Donostia, Zegama...

Bisitari argentinarrak bat etorri dira azpimarratzekoan EuskalKultura.com-i "musika aldetik zein giza berotasun aldetik apreziazio handia" somatu dutela esaterakoan. Musikalki Ordiziako kontzertua izan zen garrantzitsuena, hiri senidetu eta antolatzailea zelako eta laurehun pertsona baino gehiago bildu zituelako ekitaldira, argentinarrei txaloka. Anfitrioi ordiziarrek Barrena Jauregian egin zieten harrera villamariatarrei. Migel Santamaria Ezeiza alkateak bildutakoei zuzendu zien hitzetan Argentinako eta Euskal Herriko bi herrion arteko lokarriak aipatuz, anaitasun eta laguntasuna bertako giroan bertan islatzen zelarik.

Aretxabaletan, Juanjo Orobengoa zuzendari daukan Akordeoi Orkestra izan zuten anfitrioi, kasu honetan ere harremanak Akordeoi Orkestra duela gutxi Argentinara joan zenean hasi zirela. Euskal Etxeko lehendakaria bera, Liliana Rouan, eta koruko kidea eta aldi berean EEko idazkaria den Juan José Cabeytúk bereziki aipatu dute emanaldi bakoitzean jaso duten tratu paregabea, baita ere esaterako Loiola bisitatu zutenean. Bat egin dute iritzi horretan abesbatzako gainerako kideak, goraipatuz adibidez "Ordiziako Santa Ana koraleko zuzendari den Inma Goiburu Esnaolak emandako erabateko laguntza eta kariñoa, eta gainera besteak beste gure abesbatzarekin Aurtxo Txikia kantatuz eta horko soloa eginez": abesbatzak aho batez izendatu du "Camerata de La Luna"ren Europako amabitxia".

Senidetasun euskal-argentinarra

Ugari izan ziren momentu gogoangarriak, eta horiek sustatu zituzten lagun eta elkarteak, batzuk aipatuak jadanik eta beste batzuk "tartean Mikel Elorza, Jose Mari Lariz, Xabier Ormazabal, María Paz, ASlfredo, Lorenzo, Josetxo Marin, Antxon --harmonikan 'La calle Angosta', kantutegi puntanoko ereserkia legez den kantua--, soilik batzuk aipatzearren", eta horiekin batera "Txistulari Banda, Kepa Korta, Laguntasuna rondalla, lo egin genuen Idiazabalgo komentuko ahizpak, harrera egin ziguten herri guztietako alkateak, lagun izan ditugun koro guztiak...", segitzen dute.

Francisco Mensa, Camerata de La Lunako zuzendariak, laburbiltzen du esanez "bereziki euskaldun guztien berotasuna izan dela gure bihotzetan marka ezabaezina utzi duena. Esperientzia itzela izan da, milaka irudi ekarri dizkigu, sentsazio eta sentipenak. Zalantzarik ez dago Euskal Herrian ibili eta gero askoz ere errazagoa izango zaigula euskal kulturaren enbaxadari lana egiten segitzea Argentinan, geure Euskal Etxearen bitartez".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia