euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz aritu da Mendozan bertako Euskal Etxeko Gure Kanta korala, Cantate Taldea eta musikari gonbidatuak lagun

2024/06/24

Ekainaren 15ko kontzertua Mendozako Denak Bat Euskal Etxean, Gure Kanta Abesbatza eta Cantate Taldearekin, gonbidatu gehiagorekin
Ekainaren 15ko kontzertua Mendozako Denak Bat Euskal Etxean, Gure Kanta Abesbatza eta Cantate Taldearekin, gonbidatu gehiagorekin

PUBLIZITATEA

Mendoza, Argentina. Haur eta gazte musikariak ere partaide, kontzertu arrakastatsua eskaini zuten joan den larunbatean ekainaren 15ean Mendozan, bertako Denak Bat Euskal Etxearen egoitzan, hiriko Cantate taldeak eta Euskal Etxeko Abesbatzak. Talde anfitrioiko kide askoren debuta izan zen eta publikoa abegikor eta harreratsu izan zuten, txalo zaparrada ederrak eskainirik. Estilo desberdinetako kantu sorta zabala taularatu zuten eta euren lanari, nabarmentzeko moduko berotasunez erantzun zioten bertaratutakoek.

Bi musika ikasle gaztek estreinatu zuten kontzertua, María Elena Amestoy eta Uma Lobos-ek, pianoan. Bost emakumek osatutako Cantate ahots-taldea, gitarra lagun aritu zen, Dominique Lizarzaburu zuzendari, eta besteak beste Santa Feko Jorge Fandermole kantautore ospetsuaren "Canción del pinar" eta "Oración del remanso" kantak abestu zituen. Beste bi piano-jotzaile gazte ere igo ziren oholtzara, Victoria Torinetti eta Mariano Basilicci, gaurkotasuneko piezak interpretatuz. Valentin Gonzalez haurrak ere, "berdulera" akordeoiarekin, momentu goxoak pasarazi zizkien bildutakoei. Lehenengo zatiaren itxieran Fernando Potichkin-ek Debussy eskaini zuen eta segidan Adrian Rodriguezen akordeoia lagun, A. Piazzollaren "Libertango"ren interpretazio txalotua.

Joandakoei omenaldia eta kideen debuta

Abesbatza anfitrioia aurkezteko unea ere iritsi zen. Gure Kantak Abesbatzak Agur Jaunak-en taularatze berezi batekin hasi zuen emanaldia, joanak diren senide eta lagunen omenez. Balkoi batetik, ilunpetan, ahotsak entzuten hasi ziren, urrunean, argi eta itzal meheak agertzen ziren bitartean, agurra adieraziz. Ondoren, publikoaren aurrean, Aleluya erritmikoa, Gernikako Arbola lau ahotsetara, Txoria txori hiru ahotsetara, Carnavalito del duende, El Chiriguare eta Canon des Scats interpretatu zituzten.

Adrian Rodriguez da Gure Kantako zuzendaria, Andres Poidomani zuzendari laguntzailea eta Dominique Lizarzaburu ahots prestatzailea. Gaur egun 35 kide ditu, pozik kontzertu honen ostean. “Oso pozik geratu gara lehen kontzertu honekin eta ahotsez eta koralki egindako aurrerapenarekin. Duela gutxi 15 bat kide batu zaizkigu eta disfrutatu egin dute taldearekin egin duten lehen kontzertuan, eta  publikoak ere adeitasunez hartu gaitu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i, bozkarioz, Adrian Rodriguezek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia