Oso erantzun ona lortu zuen Eusko Kultur Etxeak luzatutako gonbiteak. Izan ere, San Miguel, Jose C. Paz, San Nicolas eta San Pedroko euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleek bat egin zuten Buenos Airesko Eusko Kultur Etxekoekin, lehenengo ‘Euskalariak’ euskara jardunaldi honetan. Ekintzaren arrakastak bultzaturik, urtero errepikatzeko asmoz ari dira Lizarraenea-ko lagunak.
Buenos Aires, Argentina. Oskorrik famatu egindako Amuritzaren letra duen abestiak aldarrikatu bezala, "euskaraz hitz eta jolas" egiteko xede ximplearekin antolatu zuen Buenos Airesko Eusko Kultur Etxea (Eusketxe) elkarteak ‘Euskalariak’ jardunaldia irailaren 24an Lizarraeneako bere egoitzan. Eta, bertakoez gain, San Miguel, Jose C. Paz, San Nicolas eta San Pedroko euskal etxeetako ordezkariak ere bildu zitzaizkion. Antolatzaileek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, “hasieran gure ikasle eta irakasleei begirako proposamena izan zen; baina gero beste euskal etxe batzuetako lagunak hasi ginen gonbidatzen, azkenean oso talde polit eta esanguratsua osatu arte, guztiok arratsaldea euskaraz pasatzeko asmoarekin”.
‘Euskalariak’ bataiatutako aktibitatearen programa eguerdian hasi zen etxeko sukaldaria den Graciela "Patxi" Iglesias-ek prestatutako bazkariarekin. Bazkalostean hainbat jolas eta joko egin ziren, tartean, hiztegia eta esaera zaharrak praktikatzeko ariketak eta abestiak.
Askaria hartu eta merendatzeko orduan ere, etxeko patiora bildu ziren berriro euskara ikasle eta irakasleak; eta jardunaldia bukatzeko, euskaraz abestu zuten karaokearekin; eta Aitor Alavak dantza klase bat eman zuen euskaraz. “Aktibitatearen asmoa ikasleek euskaraz hitz egitera animatzea da, beldurrak uxatuz, bakoitzak dakienarekin. Hizkuntza ekintza zehatzetan erabiltzea alegia”, adierazi dute Lizarraeneatik.
Mitologiari buruzko hitzaldia
Irailean ere, baina 16an, ‘Zugarramurdi, mitologia eta sorginkeria’ izeneko hitzaldia eskaini zuen Eusko Kultur Etxeak. Mintzaldia ‘Kultur Bideak’ izeneko zikloaren baitan egin zen, Diego Orellana irakaslea hizlari.