euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz amaitu da Necochean Euskal Herriko eta bertako gazteen arteko 'Hator Hona' saioaren 4. edizioa

2007/09/06

Aurtengo 'Hator Hona' saioan parte hartu duten gazteak Necocheako lagun talde batekin
Aurtengo 'Hator Hona' saioan parte hartu duten gazteak Necocheako lagun talde batekin

PUBLIZITATEA

Arrakastaz amaitu da Argentinako Necochea hirian Euskal Herriko gazte talde bat hona ekartzen duen 'Hator Hona' programa. Laugarren urtez garatu den gazteen arteko ekimen honek harremanetan jartzen ditu Euskal Herriko eta Necocheako euskal gazteak. Euskadiko Gazte Kontseiluaren lankidetza tarteko, urtero, Europan uda denean (hemen negua), zenbait gazte hona datoz hilabeterako, euskarari buruz, euskal musika tresnez edota dantzaz dauzkaten abilezia eta ezagutzak elkarbanatu eta, aldi berean, Argentina ezagutu eta bertako esperientziaz jabetzeko. Aurtengoan, lau izan dira etorri diren gazteak, lan egin, eskarmentu ahaztezina hartu eta denbora goxoak pasatu dituzten 22tik 29 urte arteko lau neska-mutiko.
Laugarren urtez segidan, Necochea hiriko Euzko Etxea euskal elkarteak 'Hator Hona-Vení a la Argentina' egitaraua jarri du abian, ateak zabalduz Euskal Herriko zenbait gazteri Argentinara etorri eta bertan hilabete inguru emanez bertakoei euskara, euskal musika, dantza eta oro har kultura irakatsiz eta euskal kulturaren lekukotasuna emanez, eurak, ber denboran, Argentina bisitatu, bertan bizi eta bertako gazteen artean egotearen eskarmentu eta bizipenak izan ditzaten.

Lau izan dira aurtengoan Euskal Herritik etorritako gazteak, aurrekoetan bezala bidaia eurek pagaturik eta Argentinako egonaldi eta ostatua Necocheako Euskal Etxearen kontu. Gazteen saioak Euskal Etxean eman dira uztail eta abuztuan, honakoan euskal kultura, txistu, trikitixa eta panderoa ikasgai harturik. 'Proposamenak gure hiri honetan euskal kultura ezagutaraztea dauka helburu. Guk Euskal Herrian deialdia egin eta interesaturik diren gazteek euren kurrikulumak bidaltzen dizkigute, eta hortik hautatzen dugu, menperatzen dituzten gaiak kontutan harturik, jakina', azaltzen zion Juan Iriberri Euskal Etxeko kideak bertako egunkari bati.

Lau gazte bisitariak

Argentinarako lehenengo bidaia izan dute honakoa laurok. Herrialdera iritsirik aste betez Buenos Aires hiriburuan eta Mendozan ibili eta ondoren heldu ziren Necocheara ikastaroei abiada emateko. Ikastaroak eman ondoren ere, Argentinako beste eskualde batzuk bisitatzera abiatu ziren.

Itziar Landako 22 urteko zeanuritarraren esanetan, 'ikusi dugun guztia polita izan da oso, ni ez nintzen sekula hainbeste denbora egon Euskal Herritik kanpo eta uste dut oso aukera ona dela. Esan zidatenean, berehala erabaki nuen izena ematea, eta hautatu ninduten'. Itziar, txistu irakaslea izan da.

Gazteetako beste bat Jon Areso izan da, 24 urteko donostiarra. Bere kasuan, euskara irakatsi du. Izaskun Intxaurbek, 22 urtekoa, zeanuritarra hau ere, trikitixa eta pandero teoria eta praktika irakatsi zizkien. Laugarren gaztea, Jon Ansa, 29 urteko oiartzuarra, euskara irakasle izan zuten hau ere.


Lotura interesgarriak

Necocheako Euzko Etxearen webgunea
www.euzkoetxea.com.ar

'Hator Hona' programaren 2006ko edizioa
2006ko abuztuaren 11ean EuskalKultura.com-en argitara emana

2005eko edizioa: 'Hemen bizi izandakoa ezin da diruz ordaindu'
2005eko irailaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

2004. urteko edizioa, lehenengoa
2004ko irailaren 4an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Hator Hona' egiteko akordioa, Euskadiko Gazte Kontseilua & Necochea
2004ko martxoaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia