La Plata, Argentina. Euskaldunek 'tripazai' edo jatun eta sukaldari on ospea omen daukate, eta mahai baten inguruan bildu eta janaria tarteko bildu eta elkarretaratzeko fama. Joan den astean, La Platako Euzko Etxean, 2023ko Paella Topaketa egin zuten. Partaideak, baina, guztiak Euzko Etxeari lotuak ziren, taldeka antolatuak, elkartearen sail eta ekimen desberdinen ordezkari parte hartuz... nahiz eta aurten, ez den, beste urte batzuetan bezala, lehiaketa lehiaketa izan, topaketa edo erakustaldia baizik, aitzaki ederra hala ere elkartzeko eta zerbait goxoa partekatzeko.
Guztira sei taldek hartu zuten parte, urtean zehar euskal etxearen ikurpean lanean diharduten taldeetako kideek osatuta, hala nola liburutegia, musa eta kanasta, euskara eta dantza taldea, paleta, abesbatza eta "lagunak". Talde bakoitzak bere paella prestatu zuen eta gastuak taldean partekatu zituzten. 180 bat lagun bildu ziren euskal etxeko kiroldegian ekimen honen bigarren zatian —egindakoaren dastaketan alegia— parte hartzeko, eta aurpegi alaiak nabariak zirela eta giro ederra sortu zela baizik ezin esan.
Beste euskal etxe batzuetan egin daitekeen zerbait?
Euzko Etxeak urtean behin egin ohi duen jarduera bat da, baina, bere arrakasta nabaria ikusita, badago aurten bertan errepikatzea proposatu duenik.
Eta, aldi berean, euskal etxe laplatatarreko lagunen artean duen onarpen-maila ikusirik, agian ideia ona izan daiteke beste euskal etxe batzuetan ere antolatzeko, handietan bereziki, bestela elkar sobera ikusten ez duten sail desberdinen arteko bazkideen arteko lokarriak sustatzeko.