euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsua izan zen Brasilgo 1go Euskal Kultura Topaketa, bertako euskal komunitatearen bilgune

2014/07/14

Mintegia antolatu zuen batzordea, pozik topaketaren arrakasta ospatzen (argazkia RGSEE)
Mintegia antolatu zuen batzordea, pozik topaketaren arrakasta ospatzen (argazkia RGSEE)

PUBLIZITATEA

Iragan uztailaren 4an eta 5ean egin zen Pelotas hirian Brasilgo 1go Euskal Kultura Topaketa, Rio Grande do Sul euskal etxe gazteak antolatuta. Mintegia arrakastatsua izan zen eta Brasilgo hiru euskal etxeetako ordezkarien parte hartzea izatea lortu zuen. Horrez gain, genealogiak leku berezia izan zuen eta Brasilgo hainbat euskal familien zuhaitz genealogikoaren berri eman zuten aditu eta ikerleek. Topaketak Mikel Ezkerro euskaltzale argentinarra omen du zuen, Rio Grande do Sul euskal etxeari hastapenetan emandako babesa eta aholkularitza eskertzeko.

Pelotas, Brasil. Pozik agertu dira Rio Grande do Sul Euskal Etxeko arduradunak elkarteak antolatutako Brasilgo 1go Euskal Kultura Topaketak izan zuen arrakasta dela eta. Pelotas hiriko Historia eta Geografia Institutuarekin lankidetzan egin zen mintegia eta 150 lagun inguru bildu ziren bertan, bi egunetan zehar egin ziren hiru jardunaldietan. Brasilgo euskaldunen ordezkaritza zabalaz gain, Argentinako adituak ere izan ziren bertan. Gainera, Ibarretxe lehendakari ohiak bideokonferentzia bidez parte hartu zuen.

"Topaketa arrakastatsua izan zela uste dugu", esan dio EuskalKultura.com-i RGSko Euskal Etxeko presidente Ana Luiza Paniagua Etchalus-ek. "Ibarretxe lehendakaria esan zuenez, adorea behar da kultur jardunaldi bat egiteko Brasilen Mundiala jokatzen ari denean, Brasil-Kolonbia partida jokoan denean gainera!".

Rio Grande do Sul Ana Luiza Paniagua Etchalus

[Rio Grande do Suleko Euskal Etxeko presidente Ana Luiza Paniagua Etchalus ongi etorria ematen mintegian parte hartu zutenei (argazkia RGSEE)]

Hain zuzen ere, Ibarretxe izan zen mintegiko aurreneko hizlarietako bat eta poza agertu zuen "euskal-brasildarrak kongresu honetarako elkartuta ikusteagatik". Ildo horretatik, Ana Luia Etchalusek Brasilgo eta batez ere Rio Grandeko euskal komunitatearen berezitasunak azpimarratu dizkio EuskalKultura.com-i: "Gure lurraldearen zabalera dela eta euskal etxearen funtzionamendu dinamikoago eta modernoago bat sustatu beharra dugu, 'hodeiean' edo 'in the cloud' kontzeptua jarraituz. Esaterako, bideokonferentzia sistema erabiltzen dugu elkarteko talde desberdinen artean komunikazioa errazteko".

Nazioarteko ekarpena

Beste ezaugarri nabarmen bat zer da, "laugarren, bosgarren edo seigarren belaunaldiako euskaldunak garela eta horregatik urrunago ditugu kontzeptu tradizionalak; izan ere, askok ez dakite ezta Euskal Herria non dagoen ere. Fantasia bat, ilusio bat dute", gehitu du Etchalusek.

Hori dela eta RGSko presidenteak azpimarratu egin zuen "nazioarteko partehartzea, Brasilen ez dauzkagulako Euskal Herriko historia eta euskal iimmigrazioari buruzko aditurik. Argentina, Uruguai eta Txileko euskaldunengana gerturatzeak gure ezagutzan sakontzeko eta informazioa trukatzeko aukera emango digu eta euskal komunitate globaletik gertuago egoten lagunduko digu".

 Rio Grande do Sul Congreso

[Entzuleek adi-adi jarraitu zuen Sao Pauloko Euskal Alkartasuna elkarteko Maite Alavaren hitzaldia (argazkia RGSEE)]

Halatan, mintegian Argentinatik etorritako bi adituk parte hartu zuente: Cesar Arrondo historialariak (Universidad de La Plata) eta Jorge Beramendi adituak (Fundación Juan de Garay). Gainera, mintegian omenaldia egin zioten Mikel Ezkerro euskaltzale argentinarrari, RGS elkartearen hastapenetan agertutako babes eta laguntzagatik.

Genealogia taldea

Azkenik, mintegiko atalik interesgarrienetako bat genealogiari buruzkoa izan zen. Ikerketa sakon eta osatuak aurkeztu ziren, besteak beste Brasilgo Insaurriaga, Escosteguy, Larrabeiti eta Sallaberry familiei buruzkoak.

Hain zuzen ere, genealogia izango da RGS Euskal Etxearen egitasmo nagusietako bat, Etchalusek agertu duenez: "Genealogia ikerketa horietan oinarrituta euskal etxeak Genealogia Talde bat jarriko du abian, Diego Moreira Larrabeitik eta Elimar Insaurriagak koordinatuta".

Informazio eta argazki gehiago Rio Grande do Sul Euskal Etxearen blog

ean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia