Rio Cuarto, Argentina. Argentinako gizatalde atzerritarren artean dagoen elkartasuna agerian berriro ere joan den larunbat-igandean Cordoba probintziako Rio Cuarton ospatu duten San Patrizio Jaialdian. Argentinako Garagardo Artisauen Elkartea (ARCA) eta ‘Letras con Cafe’ Kultur Gunea antolatzaile, euskal stand bat arrakastatsu aritu da ekitaldiko jai-esparrua bilakatu zen herriko Tren Geltoki Zaharrean. Pandemiak baldintzatuta, 700 bat lagun bildu ziren asteburuan zehar jai irlandarrak deituta.
Euskal standa euskal gizataldeko bi erreferentek muntatu zuten. Batetik, Beto Mendizabalek, bera ekoizle duen ‘El Vasko’ artisau-garagardoa eskaini zuen. ‘Ale’ motakoaz gain, garagardo berdea ere prestatu zuen Mendizabalek jaialdirako propio, Irlandar Kolektibitatearen omenez.
[Euskal sukaldariak lanean]
[Beto Mendizabal garagardo egilea eta Sergio Eguiazu sukaldaria]
Jateko eskaintzari dagokionez, Sergio Eguidazuren eskutik, sukaldariak duela hilabete batzuk martxan jarritako ‘La Cocina del Vasco’ proiektuaren barruan, txerriki ogitartekoak eta 'txorizoa sagardo erara' zerbitzatu ziren. “Txorizoak egiteko orduan, beste euskal-cordobatar baten lana baliatu genuen standean, Marita Echaveren errezeta erabili baitugu”, aitortu dio Eguidazuk EuskalKultura.eus-i.
Euskal partaidetza arrakastatsua gertatu zen oso, eta publikoa ez ezik antolatzaileak ere pozik agertu ziren oso proposamenarekin. Are gehiago, etorkizunari begira gizatalde jaia antolatzeko ideia ere buruan darabiltela jakinarazi dute cordobatarrek.