Ondarean Eguneko ospakizun eta jarduera ugari egin zituen Bordeleko Euskal Etxeak iragan irailaren 21ean eta elkarteko arduradunak pozik agertu dira bertan bizi izandakoarekin. Musika eta dantza tailerrak, Bestalariak eta Aizkoa abesbatzen kontzertuak eta giro ederra Euskaldunen Plazako gaualdian, Txanbelatxoa taldearekin eta bertsoak botatzera animatu ziren hainbat lagunekin. Aipagarria ere euskal etxeko bolondresek izan zuten sorpresa ederra, ezustean Euskal Herriko sei musika talde etorri baizitzaizkien bisitan.
Bordele, Frantzia. Pozik dira Bordeleko Euskal Etxeko arduradunak Ondarean Egunean egindako jardueren erantzunarekin, horietako batzuetan, eguraldi ona tarteko, uste baino jende gutxiago izan zela aipatu badute ere. “Zenbat Gararen musika eta dantza tailerretan itxaron genuena baino jende gutiago izan zen; azken finean konturatu gara eguraldi ona bazela eta, bordeles asko hondartzara joanak zirela”, esan dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidente David Mugicak. Ororen buru, Bilboko Zenbat Garako musikariek animazio polita eskaini zuten.
Eguneko beste ekitaldi nagusietako bat Bestalariak eta Aizkoa koralen kontzertua izan zen, Saint-Pierre-n. Hara 250 bat lagun. “Arrakasta handia, estilo desberdinak dauzkaten bi abesbatza horiekin”, esan du Mugicak. Eguna bururatzeko, urtero legez euskal etxeak gaualdia antolatu zuen Eskualdunen Plazan (Place des Basques) eta honek ere erantzun oso ona izan zuen eta jende asko bildu zuen. “Izigarriko giroa ukan genuen Txanbelatxoa taldearekin, eta Aizkoa abesbatzekoek ere ederki parte hartu zuten, kantuka eta bertsuka”.
Eguneko beste une gogoangarri bat ezustea izan zen antolatzaileentzat: arratsaldean Euskal Herritik heldutako sei danborrada agertu ziren Place du Palais edo Jauregiaren Plazan euskal etxeak jarri zuen erakustokira. Taldeak honakoak izan ziren: Hendaia, Donibane Lohizune, Ziburu, Biarritze, Donazaharre, eta Hazparnekoak, denak ala denak Bordeleko Les Sans Soucis bandaren 30. Urtemugarako etorriak. Ekitaldiaren bideo bat ikusteko, jo Bordeleko Euskal Etxearen Facebookera.
Azkenik, aipatu bezperan euskal etxearen egoitzaren sarrera berria inauguratu zela, hogei bat gonbidaturekin, tartean Bordeleko alkate Alain Juppé.