euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz ospatu dute Elkon 2013ko NABO Biltzarra eta bertako 'Basque National Festival'en 50. urteurrena

2013/07/10

Elkoko euskal kabalkada edo desfilea. Irudian, San Frantziskoko Klika Elkoko kale nagusian joan den larunbatean kabalkadako partaide (argazkia EuskalKultura.com)
Elkoko euskal kabalkada edo desfilea. Irudian, San Frantziskoko Klika Elkoko kale nagusian joan den larunbatean kabalkadako partaide (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Poliki gauzatu dira joan den astean Elkoko euskal festak. Urte berezia zen Elkoko euskaldunentzat, bertako euskal festak, Elkoko 'Basque National Festival' delakoak, bere 50. edizioa betetzen baitzuen. Kari horretara, NABOren urteroko 'Convention' edo Biltzar Nagusia egin da joan den ostiralean Elkon; eta Ipar Amerika eta Asia-Australiako euskal etxeen Mundu-Batzarren arteko bilkura ere deitua zegoen ostegunerako, nahiz eta azkenean soilik Kanada eta Estatu Batuetako ordezkariek baieztatu zuten partaidetza. Programa behar bezala bete da, eta Estatu Batuetako bazterretatik bildutako jendeek ongi ospatu dute euren euskaltasuna.

Elko, NV, Estatu Batuak. AEBko (Ameriketako Estatu Batuetako) euskaldunek 2013ko festa handia --NABO Jaialdi edo Festa-- egin dute joan den asteburuan. Aurten, iaz bezala, Nevadako Elkon izan da, Elkoko euskal festak --"Elko Basque National Festival" delakoak-- euren 50. edizioa betetzen baitzuen. Ez da marka txarra Elko hiriarentzat, mende erdi jarraian izatea AEB Mendebalde osoko euskaldunen biltoki  Nevada iparraldean. "Elko Jaietan, 50 urte" (sic, euskaraz), izen hau hartu du mende erdiko urteurren honek, ingelesez "Celebrating 50 years of Basque tradition" (Euskal tradizioen 50 urte ospatzen) azpititulua ezarrita.

Arras ongi joan da guztia, jende andana polita bildurik: hasi aurretik, ostegunean, euskal etxeen nazioarteko bilkura egin zen, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari berria, Asier Vallejo, hor zela. Ostiralean, goizeko zortzietatik aurrera, NABOko Biltzar Nagusi edo ‘Convention’ delakoa egin zen, federazioko lehendakaria den San Frantziskoko Valerie Arrechea buru. Horra bildu zen, NABOko zuzendari eta delegatuekin batera, Euskadiren AEB eta Kanadarako ordezkari berria, Ander Caballero Barturen. Caballero eta Vallejorekin batera, Jaurlaritzatik bertaratu ziren baita ere Andoni Martin eta Benan Oregi teknikariak, eta Euskadiren Boiseko Bulegoko Miren Perez Egireun.

Eta ostiral arratsaldez hasi zen ofizialki festak, urtero uztailaren 4arekin --’4th of July’, AEBetako Independentzia Eguna-- uztarturik egiten direnak, euskaldunak, hemen, fierki euskaldun sentitzearekin batera, amerikanotu eta fierki amerikano sentitzen baitira eta hala erakutsi nahi baitute, ikurriña eta barra eta izardun bandera txanpon bereko bi alde izanik: Basque-American.

Azken honen adierazgarri, larunbatean egin zen kabalkada edo desfilean, Pete Goicoechea Nevadako senatariak ere hartu zuen parte, Alderdi Errepublikanoko iragarki handi bat zeraman ‘float’ edo karroza batekin, bere hautu politikoaren propaganda eginez, amerikar estiloan. Audioan, bozgorailuetatik, musika abertzale amerikanoa entzuten zen, eta mezu politiko grabatua ingelesez... eta euskaraz (Anita Anacabe Franzoia elkotarraren ahotsean). Horra hor, Euskal Herritik ia hamar mila kilometrotara, Diasporako euskaldunak Euskal Herriko hainbat euskaldunei etsenplua ematen, euskaraz eta euskararekiko errespetuz. 

Bestela, pilota partidak, herriko udal parkeko pilotalekuan; eta arrakastatsua baita ere, zerriki lehiaketa, Utah-ko Euskal Etxekoek egindako tripota edo odolkia irabazle. Larunbat arratsaldez, festa ‘Fairgrounds’etara pasatu zen, dantza taldeekin eta euskal-amerikar kirolariekin. Dantza taldeen artean hor ziren Elkoko Arinak, Utah-ko Triskalariak, Renoko Zazpiak Bat, Boiseko Oinkariak, Chinoko Gauden Bat, San Frantziskoko Zazpiak Bat eta Buffaloko Zaharrer Segi. Gauez, Euskal Etxean, ‘Amuma Says No’ talde euskal-boisetarrak jo zuen. 

Igandean, eguna mezarekin hasi zen Euskal Etxe kanpoaldeko eremuan, euskaldunen eta euren iraun-nahiaren lagun den apez jatorri irlandarreko batek emanik. Gero etorri zen piknika, Euskal Etxearen berdeguneetan. Oso une berezia izan zen NABOko lehendakari Valerie (Etcharren) Arrecheak NABOren ‘Bizi Emankorra’ saria eman zienean bizitza oso emankorreko bi nevadatar euskalduneri: Elkoko Bob Goicoecheari eta Eurekako Jim Ithurralderi.

Igande arratsaldean zehar Mendebalde osotik etorritako dantza taldeen emanaldiak errepikatu ziren, eta pixkanaka jendea euren etxeetarako bidea hartzen hasi zen. Lehenak, bistan da, urrutienetik etorritakoak, euretako asko zortzi eta ordu gehiagoko bidea eginik, autobusez edo autoz. Jende andana polita bildu zuen asteburuak, eta jendea pozik ibili zen, udal parte eta pilotalekuan, Fairgrounds ganadu-azokalekuan, Euskal Etxean... eta baita ere herriko euskal ostatuetan, hala nola Star hotelean, Biltokin (ikusiko euskal ostatua izaten segitzen duen, saldua baitu duela pare bat hilabete 30 urtez kudeatu duen Ramon Zugazaga gernikarrak), Toki Onan...

Datorren urtean, Kaliforniako Bakersfield-en izango da NABOren Biltzar Nagusi edo 'Convention'.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia