euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu eta jendetsua izan da Txileko 2015eko Euskal Astea, gazteen partehartze nabarmenarekin

2015/11/27

Gazte askok parte hartu zuen Euzko Etxeko frontoian egin ziren ekitaldietan (argazkiak Berriketari)
Gazte askok parte hartu zuen Euzko Etxeko frontoian egin ziren ekitaldietan (argazkiak Berriketari)

PUBLIZITATEA

Hilaren 19tik 22ra Txileko Santiagoko Euzko Etxean bilgune izan da Euskal Asteaz gozatu nahi zuten euskaltzaleentzat eta ekitaldien harrera bikainarekin oso pozik agertu dira antolatzaileak. Bereziki aipagarria da gazteen parte hartze handia, beraiek izan baitziren protagonista elkarteko frontoian egin ziren Olinpiadetan eta hiriko kaleetan barrena ibili zen Korrika Txikian. Euskal Astean Bizkaitik etorritako Foru Aldundiko ordezkaritza bat ere izan zen partaide, Unai Rementeria Diputatu Nagusia buru.

Santiago, Txile. Euzko Etxea elkartean pozik agertu dira Euskal Asteak izan duen partehartze handi eta zinez aktiboa dela eta. Festa iragan azaroaren 19an hasi zen, inaugurazio ekitaldi batekin. Elkarteko presidenteordeak, Juan Carlos Lago Zugadik, ongi etorria egin zien bertaratu zirenei, besteak beste Bizkaiko Diputatu Nagusi Unai Rementeriari. Ondoren, Maritxu Bastarrica eta Carlota González dantzariek Aurreskua dantzatu zuren eta Euskal Abesbatzek "Gernikako Arbola" abestu zuen.

Unai Rementeriak Euskal Herriaren egungo egoerari buruzko hitzaldi labur bat eskaini zuen, Txilerekin harreman onak azpimarratuz. Ondoren, ongi etorri koktel bat zerbitzatu zen, Bizkaitik etorritako sukaldari talde batek egina: Sergio Ortíz de Zárate (Zárate jatetxea), Txomin Gómez (Lurrina), Javier Izarra (Tamarises), Javier Gartzia (Boroa) eta Mikel Garaizabal enologo eta sommelierra.

Ostiralean dantza eta musika ikuskizuna egin zen Euzko Etxea. Musikariak Alazne Arana Narvarte (pianoa), Ane Díaz (bibolina), Estitxu Unanue (trikitixa) eta Lierni Ezenarro (panderoa) izan ziren. Eurekin batera aritu ziren ere Euskal Abesbatza, Alvaro Montes de Oca eta Ignacio Fouilloux txalapartariak eta Maite Bastarrica eta Matías Castillo dantzariak.

Olinpiadak eta Akelarrea

Larunbatean eguna goizean goiz hasi zen, elkarteko frontoian egin ziren Olinpiada eta jolasekin. Gazte asko bildu ziren bertara, jokoetan partehartzeko prest, eta giroa aparta izan zen. Arratsaldean errekia egin zen eta gauean, Akelarrea. Gaueko festan ere partehartzea handia izan zen eta bazkide asko euskal pertsonaia mitologikoetaz mozorrotuta agertu ziren.

Igandean ere ekitaldiak oso alaiak izan ziren. Euzko Etxea Korrika Txiki bat antolatu zuen, eta euskararen aldeko aldarria Santiagoko kaleetara atera zuen. Lasterketa Arte Garaikidearen Museoan hasi zen eta Euzko Etxean amaitu. Bertan egin zen Euskal Astearen itxiera ekitaldia, María Angélica Carrascoren hitzaldi batekin (dantza taldearen presidenta eta Berriketari aldizkariko zuzendaria da bera). Ondoren, Euskal Abesbatzak eta Itxaropen Gaztea dantza taldeek erakustaldia eman zuten. Festari amaiera bikaina eman zioten, Xabier Zabala eta Iker Fernández sukaldariek prestaturiko herri bazkari batekin.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia