Paraná, Argentina. 'Presencia Vasca' irratsaioak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Argentinan airean, euskal diasporaren zerbitzura, eta Federico Borrás Alcain paranatarra dauka buru. Hedabidearekiko sentitzen duen grinak bultzatuta, Borrás bera eta Urrundik Euskal Elkartea antolatzaile, Gizataldeen Irratien Lehen Topaketa-Tailerra gauzatu da azaroaren 16an Paranáko Antequeda Aretoan, Entre Rioseko Gizataldeeen Batasuna eta Paranáko Udaleko Gizataldeen eta Nazioarteko Lankidetzaren Zuzendaritzaren babesarekin.
'Presencia Vasca' Argentinako euskal irratsaioen dekanoa da eta arrakastaz antolatu du Gizataldeen Irratien Lehen Topaketa-Tailer hau azaroaren 16an Paranán
Jarduerak elkarren ezagutza sustatzea, esperientziak partekatzea eta gizataldeen gaiak zabaltzen dituzten irratsaioen arteko loturak estutzea izan ditu helburu, baita ere tresna teknologiko berrien eta irratsaioak munduan zabaltzeko ahalen inguruko esperientziak eta ideiak trukatzea, Borrasek berak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez. Deialdia irekia izan da gizatalde guztientzat, irratsaioa kudeatu ala ez. Izan ere, lortu nahi zen beste helburuetako bat, oraindik irratsaiorik ez dutenek pauso hori ematera gonbidatzea izan da.
Entre Ríoseko Gizataldeen Batasuna eta Argentinako Gizataldeen Konfederaziokos presidente den José Gareisek 32 urte daramatza “Voces del Volga" irratsaioa gidatzen eta topaketaren koordinazioaz arduratu da Federico Borrasekin batera. Alejandro Abero kazetari eta esatari ospetsua ere partaide berezia izan zen. Gaur egun programak emititzen dituzten gizataldeetako hainbat ordezkarik hartu zuten parte, horien artean gizatalde alemaniarra, esloveniarra, katalana, israeldarra, siziliarra eta veneziarra, baita Euskal Herrikoa ere. Halaber, oraindik irratsaiorik ez duten taldeen artean Paranako Errusiar Etxea aipa daiteke.
Elkarretaratze dinamiko eta parte-hartzailea
Buletin honekin hizketan, Federico Borrásek Aberoren ekarpena nabarmendu du. Izan ere, sare sozialekin eta belaunaldi berrien praktika eta kontsumoekin uztartzeak irratiari dakarzkion erronka eta aukera berriei buruzko bere ikuspegia azaldu zuen kazetariak. “Topaketa oso dinamikoa eta parte-hartzailea izan zen, eta parte-hartzea bizia oso. Partaide guztiek partekatu zituzten euren esperientziak irrati bidezko komunikazioan”, laburbildu du irrati gizon euskal-entrerriostarrak.