euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu ari da Stanford Unibertsitate kaliforniarreko lehendabiziko Euskal Ikastaroa, ikasleak gustura

2007/03/05

Gloria Totoricagüena irakaslea klasea ematen, John Etchemendy errektorea (ator gorriduna) ere ikasleen artean delarik (argazkia C.Nevitt)
Gloria Totoricagüena irakaslea klasea ematen, John Etchemendy errektorea (ator gorriduna) ere ikasleen artean delarik (argazkia C.Nevitt)

PUBLIZITATEA

Joan den azaroan hasi zen Stanford Unibertsitate kaliforniar entzutetsuan egiten ari den lehendabiziko Euskal Kultura Ikastaroa. Hogei bat ikaslek jarraitzen dituzte klaseak eta gustura dabiltza alde teorikoa eta praktikoa batzen dituen programarekin: historia, euskara, literatura, kirola, gastronomia edota euskal dantza hasi-masiak ikasiz adibidez. Estatu Batuetako euskal komunitatearen ohiturak ezagutzeko aukera ere izan dute, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en 25. urteurreneko jaialdian parte hartuz.
Ikastaroa Casey Nevitt azken urteko ikasleak bultzatua da. Nevitt euskal jatorrizkoa izaki eta bere eginahalean John Etchemendy Unibertsitateko errektorearen laguntza bildu zuen. Izan ere Etchemendy bera eta bere emazte Nancy ikastaroko ikasle bilakatu dira. 'Ezkondu nintzenetik ezagutu ahal izan ditudan euskal ohituretan sakondu ahal izateko etortzen naiz klasera', azaldu dio Nancy-k EuskalKultura.com-i. 'Nik ez daukat euskal odolik, baina euskalduna banintz bezala sentitzen naiz, nire senarraren guraso, osaba-izeba eta aiton-amonek horrela tratatu nautelako beti. Ikastaro honek niretzat orain artean misterio hutsa ziren ohitura batzuk ulertzen lagundu dit'.

Ikasleen artean askok ez dute euskal jatorririk, baina hizkuntzak interesa piztu die edo inoiz Euskal Herrian egonda euskal kulturari buruz gehiago jakiteko egarria asetu nahi zuten. 'Bilbon ikasi nuen institutuko azken urtea. Hango familia batekin bizi eta segundo de bachillerato egin nuen', dio Christine Dehnert-ek. 'Ikastaro hau hasi behar zela jakin nuenean, izena eman nuen berehala'. Beste ikasle batzuk, Rachel Catherine Patt gazteak bezala, euskal kultura 'Euskal Herrira bidaia egiteko' nahi dute ezagutu.

Basque Cultural Center-era bisita

Ikastaroaren programak klase teorikoak --Gloria Totoricagüena, Center for Basque Studieseko zuzendaria da irakasle-- eta klase praktikoak uztartzen ditu (azken hauen artean dantza ikastaroa, gastronomia eta pelota adibidez). 'Nire klaserik gustukoena momentuz dantza lezioa izan da', dio Nancy Etchemendy-k. 'Oso txarra naiz, baina hemen horrek ez die gehiegi axola eta oso dibertigarria da'. Christine-k inguruetako jatetxe batean egin zuten euskal janari dastaketarekin disfrutatu zuen gehien eta baita San Francisco Basque Cultural Center-era eginiko bisitaldiarekin, elkartearen 25. urteurrena ospatzen zuten egunean. 'Oso interesgarria izan zen euskal komunitatea ezagutu eta euren dantzak eta ekitaldiak ikusi ahal izatea. Berriz ere euskal kulturan buru-belarri sartuta egotea zoragarria izan zen'.

Klasean lantzen diren gaien aniztasuna da ikastaroak duen arrakastaren arrazoietako bat. 'Kurrikulum zabala edukitzeak euskal kulturaren alde oso desberdinak ezagutzeko aukera ematen digu', azaltzen du Christine-k. 'Etorri diren hizlariek eta aktibitate praktikoek ikuspuntu zabalago bat izaten laguntzen dute, baina klasean ere asko ikasi dut', bukatzen du. Nancy Etchemendy-rentzat ere oso egokia da klase teoriko eta aktibitateen arteko konbinazioa. 'Gloria irakasle oso ona da. Gainera pertsona interesgarriekin hitzegin dugu klasean, adibidez 36ko gerran ibilitako gudari batekin. Zoragarria izan zen baita ere Basque Cultural Center-en bizi izan genuen euskal musika, janari eta dantza gaua. Oso era egokia da gauzak ikasteko'.


Lotura interesgarriak

Stanford Unibertsitatea, Kalifornia
www.stanford.edu

Center for Basque Studies (CBS, UNR), Reno, NV
www.basque.unr.edu

Tontxu Campos Stanford-eko errektorearekin bilduko da
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 28an

Stanfordek Euskal Kultura Ikastaroa eskainiko du aurten
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2006ko azaroaren 21ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia