euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu amaitu dira Poznango Euskal Egunak, ikasle eta sortzaileak partaide (argazki kronika)

2012/04/25

Rikardo Arregi idazlea Poznango Euskal Egunetan eskaini zuen irakurraldian (argazkia Anna Olejnicza)
Rikardo Arregi idazlea Poznango Euskal Egunetan eskaini zuen irakurraldian (argazkia Anna Olejnicza)

PUBLIZITATEA

Poloniako Poznan hiriko Adam Mickiewicz Unibertsitatean udaberriko hitzordu klasikoa bihurtu dira jada Euskara eta Euskal Kultura irakurlegoak urtero antolatzen dituen Euskal Jardunaldiak. Aurtengoek Euskal Herritik etorritako lagunen ekarpen garrantzitsua izan dute; izan ere, Harkaitz Cano eta Rikardo Arregi idazleek eta Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz musikariek emanaldiak egin dituzte. Aipagarria da baita ere ikasleen parte hartzea, adibidez Sarrionandiaren "Hitzen Ondoeza" lanean oinarrituriko antzezlana taularatuz. Amaia Donés euskara irakurleak bidali dizkigu jarraian argitaratzen ditugun argazkiak. Milesker eta bejondaizuela!

Poznan, Polonia. Amaia Donés, Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko euskara irakurlea, pozik agertu da aurtengo Dni Baskijskie edo Euskal Egunak izeneko jardunaldien emaitzarekin. Irakurlegoak Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin antolatu ditu ekitaldiak eta aurtengo edizioan literatura izan da ardatz nagusia.

Ikasleen parte hartzea da Donések azpimarratu duen alderdietako bat. Euskara irakurlegoaren ikasleek Joseba Sarrionandiaren "Hitzen Ondoeza" liburuan oinarritutako antzezlan/ikusentzunezko aurkezpen bat prestatu zuten; musika, argazkiak, power pointa eta antzezlana nahastuz. "Emanaldia oso ondo atera zen, oso arrakastatsua izan zen", esan dio Amaiak EuskalKultura.com-i. Beste ekitaldi azpimarragarri bat hiriko zine areto ezagun batean egin zen euskal laburmetraien emanaldia izan zen: "aretoa bete egin genuen eta onena izan zen Muza zinemako programazioan eskaintzen zela, eta ohiko ikusleak ere bazeudela", gehitu du.

Poznan Euskal Egunak 2012 (5)

["Hitzen ondoeza" liburuan oinarritutako antzezlanaren une bat (argazkia Szymon Paz)]

Poznan Euskal Egunak 2012 (6)

[Joseba Sarrionandia idazlearen lana egokitu zuen Poznango Unibertsitateko ikasle taldea, emanaldiaren ostean ikusleak agurtzen (argazkia Anna Olejnicza)]

Euskal sortzaileak Poznanen

Euskal Egunen bigarren partean Euskal Herritik etorritako gonbidatuak izan ziren protagonista: Harkaitz Cano, Rikardo Arregi, Jabier Muguruza eta Mikel Azpiroz. Bi egunetan hainbat ekitaldi egin zituzten, adibidez itzulpengintza tailerra unibertsitatean, poesia errezitaldia eta kontzertua... Bereziki aipagarria da polonieraz eginiko errezitaldia, izan ere, liburu moduan segida izan dezake. "Poesia errezitaldia polonierara itzuli zuen Barbara Stawicka-Pirecka poetak, eta poemok --ziurrenik-- liburu moduan argitaratuko dira Polonian. Hori da plana", agertu du Donések.

Poznan Euskal Egunak 2012 (1)

[Harkaitz Cano idazlea Poznango Sekret kafetegian egin zen poesia irakurraldian (argazkia Anna Olejnicza)]

Poznan Euskal Egunak 2012 (4)

[Jabier Muguruza kantari eta Mikel Azpiroz pianoa jotzen Sekret kafetegiko emanaldian (argazkia Anna Olejnicza)]

Poznan Euskal Egunak 2012 (3)

[Entzuleak musikarien emanaldiaz gozatzen; beraien artean eserita Harkaitz Cano idazlea (argazkia Anna Olejnicza)]

Beste ekitaldi aipagarri batzuk, euskal gaiei buruzko hitzaldiak (Sonia Kolaczek-ek euskal artea hartu zuen hizpide eta Natalia Stolarskak Iparraldea) eta Amaiera Festa izan ziren. Hana-Bi tabernan egin zen besta eta egitarauan karaokea, kalimotxoa, euskal musika modernoa, euskal dantza tailerra... egonik, urtero bezala giroa bikaina izan zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia