euskal diaspora eta kultura
2013/01/14
PUBLIZITATEA
Chascomus, Argentina. Urtarrilaren 4tik 8ra egin da Chascomusen Argentinako Udalekua deritzon gazte topaketaren laugarren edizioa, Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatuta. Bertara bildu ziren 53 neska-mutil, gehienak Buenos Aires probintziako euskal etxeetakoak (Maipu, Mar del Plata, Arrecifes eta Chivilcoy), eta aurten, aurrenekoz, 1.000 kilometrotara dagoen Corpus Christiko euskal etxeko bi gazte ere.
Udalekuan euskal kulturaren hainbat arloko lantegiak egin ziren: musa, dantza, pilota, herri kirolak, mitologia, gastronomia, musika eta kantua, jolasak eta euskara. Irakasle lanetan aritu ziren Euskal Herriko "Eziko Udalekuak" GKE-ko Lide Garcia, Janire Garin eta Aitor Zelarain; eta Chascomus bertako Maitena Etchepare, Ana Etchepare, Catalina Arraras, Paula Berasain, Lucia Murias, Augusto Infante eta Federico Redin.
[Udalekuko gazteak taloak prestatzen gastronomia lantegian (argazkia ChascomusEE)]
Ikasi eta udaz gozatu
Gazteek gogotik probestu zituzten Udalekuaren bost egunak, hala euskal kulturan murgiltzeko nola adiskideak egiteko eta Argentinako udako eguraldiaz gozatzeko. Ikastaroak amaituta, gazteek euskal etxeko piszinan eta Chascomuseko zingiran ordu luzeak eman zituzten egunero, bainatzen eta dibertitzen.
[Chascomuseko zingiran bainatu ziren Udalekuko partehartzaileak (argazkia ChascomusEE)]
FEVAko presidente Ricardo Basterra Chascomusen izan zen ere, Udalekun partehartu zutenak agurtzeko eta ekimenari Argentinako euskal etxeen federazioaren atxikimendua erakusteko. Antolatzaileek esker ona agertu diete ere Udalekuan parte hartu duten euskal etxeetako bazkideei, bereziki aurtengo edizioan lagundu duten Rocio Miranda, Olga Leiciaga eta Julio Markiewitz (Corpus Chisti, Misiones), Maria Jose Gallo (Chivilcoy), Alicia Ithurrart (Maipu) eta Miguel Garcia Bernausi (Arrecifes).
[Udaleku 2013ko gazteak Zingirako Euskaldunak Euskal Etxearen atarian (argazkia ChascomusEE)]
Chascomuseko Euskal Etxeak bereziki eskertu du ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostengua, azpimarratuz Ikerne Badiola Kultura, Gazteria eta Kirol diputatuaren babesa, hala nola Argentinako kolaboratzaileen ekarpena: Cesar Arrondo irakaslea, Chascomuseko Pilota Elkartea, Murias sendia, Ricchieri Tours enpresa, Gastronomia azpi-batzordea, Esku Pilota eskola, Mus taldea, Dantza taldea eta Udalekuaren eguneroko lanean (bazkariak eta abar) lagundu zuten euskal etxeko kideen parte hartzea.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus