euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu amaitu da Berlingo euskal zinemaldiaren lehen edizioa; 2013ean jarraipena izan dezake

2012/11/06

Asisko Urmeneta marrazkilariak "Gartxot" animaziozko luzemetraia aurkeztu zuen (argazkia BerlinEE)
Asisko Urmeneta marrazkilariak "Gartxot" animaziozko luzemetraia aurkeztu zuen (argazkia BerlinEE)

PUBLIZITATEA

Berlingo Euskal Etxea oso pozik agertu da amaitu berria den Baskisches Kino Fest zinemaldiak izan duen harrera beroarekin, izan ere, elkarteak azaldu duenez, zinema aretoak ikuslez lepo izan dira emanaldietan, eta itxiera kontzertuak ere -Zuloak taldea eta Fermin Muguruza-- jende asko bildu zuen. Bost egunetan lau luzemetraia eta hainbat labur izan dira ikusgai Alemaniako hiriburuan, eta euskal zinemari buruzko mahainguruak eta hitzaldiak ere antolatu ditu euskal etxeak. Antolakuntzan sostengua eman dute Etxepare Euskal Institutuak, Lehendakaritzak, 2012 Euskadi Fundazioak eta Euskadiko Filmategiak. Aurreneko edizioaren emaitza onak animatuta, elkarteak datorren urtean jarraipena eman nahi dio ekimenari.

Berlin, Alemania. Berlingo Euskal Etxeak Baskisches Kino Fest zinemaldiaren balioespen baikorra egin du, ekitaldietara bildu diren ikusleen kopurua eta parte hartzea azpimarratuz. Urriaren 30ean abiatu zen jaialdia, Izarren Argia luzemetraiarekin. Ainhoa Añorga Euskal Etxeko presidenteak zinemaldia aurkeztu zuen emanaldian, jaialdia Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko ekitaldien parte zela azalduz.

Bigarren saioa urriaren 31an izan zen, Asier Altuna zuzendariaren Bertsolari filmarekin. Bertsolaritzari buruzko dokumentalak jende asko erakarri zuen eta Altunak gustura erantzun zituen proiekzio ondorengo galderak. Solasa Moviemento zineman gauerdira arte luzatu zen.

Berlin Euskal Zinemaldia 2012 (2)

[Ikuslez bete zen emanaldi guztietan Moviemento zinemako aretoa (argazkia BerlinEE)]

Azaroak 1ean, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak  “El cine y la Guerra Civil en el Pais Vasco” hitzaldia eman zuen eta ondoren azken urteotako euskal laburmetrai esanguratsuenen proiekzioa aurkeztu zuen.

Berlin Euskal Zinemaldia 2012 (1)

[Joxean Fernandez, erdian, eta Ainhoa Añorga presidentea eskubian (argazkia BerlinEE)]

Leipzigen ere

Zinemaldiak ekitaldi paraleloak izan zituen Leipzig-en, bertako unibertsitatean sortu berri den Euskal eta Euskal Kultura irakurletzak antolatuta. Azaroak 1ean Asier Altunak Bertsolari filma  aurkeztu zuen, Etxepare Institutuaren babesarekin prestatu zen proiekzioan.

Azaroak 2an, Joxean Fernandezek “El cine y la Guerra Civil en el Pais Vasco” hitzaldia eman zuen IALT Itzulpengintza eta Hizkuntzalaritza Aplikatuaren Institutuan. Ekitaldiak erromanistikako eta itzulpengintzako ikasleak erakarri zituen, eta Leipzig-eko lektoreak, Unai Lauzirikak, gidatu zuen ondorengo solasa.

Berlin Euskal Zinemaldia 2012 (3)

[Asier Altuna zuzendaria Leipzig-en (argazkia Berlin EE)]

Zuloak-en kontzertua

Berlinen, azaroak 2aren gauean Zuloak filmea izan zen ikusgai Moviemento zineman, Fermin Muguruza zuzendaria eta Zuloak taldeko kideak bertan zirela. Musikari irundarraren azken filmak jende andana erakarri zuen eta harrera ona izan zuen filmak. Emanaldi osteko solasaldian zuzendariak zein taldekideek erantzun zieten ikusleen galderei.

Berlin Euskal Zinemaldia 2012 (5)

[Fermin Muguruza eta Zuloak taldeko musikariak dokumentalari buruzko solasaldian (argazkia BerlinEE)]

Azaroaren 3an animaziozko filmeek eman zioten amaiera zinemaldiari. Hasteko, Berlinen bizi den Aitor Auzmendi zuzendari gazteak bere Tarantela laburmetraia aurkeztu zuen, eta ondotik aurkeztu ziren Zeinek gehiago iraun eta Daisy Cutter laburrak. Amaitzeko, Asisko Urmeneta marrazkilariak Gartxot animaziozko luzemetraia aurkeztu zuen. Proiekzioa ondoren bi ordu iraun zuen marrazki eta galde-erantzunen artean luzatu zen solasak.

Jaialdiari amaiera bikaina eman zion Zuloak taldeak Clash aretoan eman zuen kontzertuak. Zuloak-eko emakumeek eskainitako zuzenekoa Fermin Muguruzak osatu zuen eta festak goizaldera arte iraun zuen Lucha Amada kolektiboko DJen ekinarekin.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia