euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastatsu 2014ko Poznango Euskal Jaia, euskal kultura maite duten poloniarrek antolatuta

2014/04/15

Entzuleak adi-adi aurtengo Poznango Euskal Jaiko hitzaldi batean (argazkia Luiza Stosik-Turek)
Entzuleak adi-adi aurtengo Poznango Euskal Jaiko hitzaldi batean (argazkia Luiza Stosik-Turek)

PUBLIZITATEA

"Poloniarrek poloniarrentzako egindakoa" omen da Poznango Dni Baskijskie edo Euskal Egunak izeneko festa eta Amaia Dones irakurlearen esanetan horixe da jaiaren arrakastaren arrazoietako bat. Adam Mickiewicz unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzako ikasleekin batera antolatzen du urtero festa Donesek eta gazte andana erakartzea lortzen dute beti. Dantza, hitzaldiak, gastronomia, musika, bertsoak... euskal kultura Poznango kaleetara ateratzen dute urtero, eta aurten ere erantzun bikaina izan dute.

Poznan, Polonia. Iragan astean, apirilarem 9tik 11ra euskal kulturaz gainezka izan zen Poloniako Poznan hiria, Adam Mickiewicz unibertsitateako Euskara eta Euskal Kultura irakurletzako ikasleek antolatu zuten Euskal Jaiari esker. Azken urteotan udaberriko hitzordu ezinbesteko bihurtu da Euskal Egunak edo Dni Baskijskie festa eta ikasle asko biltzen dira bertara euskal kulturaz gozatzeko eta dibertitzeko prest.

Aurten ere arrakasta handia izan du festak, Amaia Dones Mendia irakurlea buru, eta bere ikasleen parte hartze gogotsuarekin. Donesek bereziki azpimarratzen du ikasleen engaiamendua: "oso pozik gaude, urtero bezala, eta harro, beste behin lortu dugulako euskal kultura unibertsitatetik atera eta kanpoan ezagutaraztea. Eta niri asko gustatzen zaidan zerbait: poloniarrek poloniarrentzat antolatutako festa da!", esan dio EuskalKultura.com-i. 

Poznan Euskal Egunak 2014 4

[Ikasle gazteak izan dira Poznango Euskal Jaian protagonista eta antolatzaile (argazkia Luiza Stosik-Turek)]

Aretoak jendez lepo

Jaialdiko datu batzuk eman ditu Donesek: "Gazta Zati Bat" dokumentalarekin zine aretoa bete egin zen (ehun bat lagun orotara), eta ondoren 30 bat lagun hurbildu ziren filmeari buruzko mahaingurura. Aipatu filma euskaraz eman zela, baina ikasleek poloniarrera itzulitako azpitituluekin. 

Poznan Euskal Egunak 2014

[Luzemetraiaren osteko mahainguruan hizlari:Alfons Gregori i Gomis doktorea, Amaia Dones irakurlea eta Katarzyna Mirgos doktorea, euskal gaietan aditua Polonian. Donesek azaldu duenez, ordu eta erdi aritu ziren publikoaren galderei erantzuten (argazkia Luiza Stosik-Turek)

Horrez gain, jende asko bildu zen ere hitzaldietara. "Ikasleek egindako hitzaldiak ziren, hau da, poloniarrek poloniarrentzat euskal gaiei buruzko hitzaldiak. Tartean, Ibilaldia, mitologia eta bertsolaritza", agertu du Donesek. Beste ekitaldi deigarri bat urteroko klasiko bihurtzeko bidean doan bertso saioa: bertsolaritza polonieraz. Iazkoak izan zuen arrakasta dela eta aurten ere animatu dira ikasleak. Polonian bertso eskola izango al da aurki?

Poznan Euskal Egunak 2014 3

[Euskal mitologia, bertsoak, ipuinak... Poznaneko ikasleak edorrezekin ausartzen dira! (argazkia Luiza Stosik-Turek)]

Euskal Egunak amaitzeko, ostiralean euskal ipuin kontaketa egin zen, Karawana Opowiesci ipuin kontalari profesional taldearekin. "Sarrera guztiak saldu ziren, 30 orotara", esan du Donesek.  Horrez gain, oso arrakastatsua izan zen ere --betiko moduan-- pintxo leihaketa eta ardo dastaketa.

Poznan Euskal Egunak 2014 2

[Pintxoak dastatzen Poznango Euskal Jaian (argazkia Luiza Stosik-Turek)]

"Azkenik, amaierako festa egin genuen, dantzak (Bal Folk Poznan taldearen gidaritzapean) eta afaria (Skad Bierzesz Bialko talde beganoak prestatutako platerak)", amaitu du Donesek. 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia