Valentzia, Espainia. Valentziako Euskal Etxean aspaldian zebilen dantzan barnetegi bat antolatzeko asmoa, eta aurten gauzatu ahal izan da, maiatzeko lehenengo asteburuan, arrakasta ederra lortuz gainera. Patxi Solroca ikaslea da, eta Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kidea, eta bera izan zuen ekimenak bultzatzaile nagusietako bat, leku aproposa ere lortu baitzuen Sinarcas herriko Las Viñuelas kanpin eta etxoletan. Ostiral arratsaldean hasi ziren heltzen bertara ikasle eta irakasleak, aurrenekoa elkar aurkeztuz eta ondoren izotzaldia urtzeko jolasak eginez.
Izan ere, asko baitira Valentzian euskara ikasten ari direnak, arrazoiak, hainbat. Badira helburu praktikoekin egiten dutenak, hala nola Euskal Herrira bizitzera joateko asmoa daukatelako edo oposaketetara aurkezteko. Familia euskalduna daukatenak ere badira. Baina gehienek hizkuntza gustatzen zaielako egiten dute, interesatzen zaielako eta polita egiten zaielako. Hori argi eta garbi azaleratzen da klaseetan eta zenbait detailetan. Ikasleetako batek, adibidez, twitter kontu bat zabaldu zuen euskara hutsean, eta honek ospetsu egin zuen. Valentziako Euskal Etxeak 80 bat ikasle inguru ditu gaur egun, eta beste hainbeste Valentziako Hizkuntza Eskola Ofizialak. Alacanteko HEOk, berriz, 40 inguru eta Castellokoak 20.
200 ikasletik gora Valentziar Komunitatean
Haiei guztiei zabaldu zitzaien barnetegia, maila guztietako interesatuei. 18 ikaslek izena eman eta bertaratu ziren, bi irakaslerekin,: Valentziar Komunitatean bizi diren Garikoitz Knörr gasteiztarra eta Izaskun Kortazar bilbotarra, Valentziako eta Alacanteko HEOko irakasleak, hurrenez hurren. Bi taldetan banatu zituzten ikasleak mailaren arabera: A1ko talde bat, hasi berriekin; eta Bko taldea, aurreratuekin, gehienak aurten agiria lortzeko azterketa egin behar dutenak.
Eskola saioak eta aisialdia uztartu zituzten larunbat eta igandean: abentura-kirolak, karaokea euskaraz, eta igandean bukatu aurretik soto bat ere bisitatuz, ardoa ekoizten duen eremu famatua baita Sinarcas baitaratzen duen Utiel-Requena.
Geratzeko heldu den esperientzia
Asteburu osoko komunikazioak euskaraz izan ziren, bakoitza bere ahalen neurrian, ekimenak eskoletatik kanpo hizkuntza praktikatzeko eskaintzen zituen aukera guztiak baliatuz, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Izaskun Kortazar irakasleak. Izan ere hori bori baitzen barnetegiaren helburu nagusia: hizkuntza praktikoki erabiltzeko, askatzeko eta eskola orduetatik kanpo mintzatzeko aukera berriak ematea. Balantzea oso positiboa izan denez, errepikatzekotan dira, eta barnetegia geratzeko etorri den esperientzia dela adierazi dute antolatzaileek.
Valentziako barnetegiak, bestalde, oihartzun nabaria lortu du Euskal Etxean eta HEOetan, eta baita ere oro har komunitatean, prentsaren harrera ere bereganatuta. Argitaratu diren artikuluen artean bereziki esanguratsua izan da Raquel Andrés Durà kazetariak La Vanguardian sinatutako En el pueblo de Sinarcas también se habla euskera izenburupeko hau. Zorionak, eta Moltes gràcies a tots i a totes.