Barranquilla, Kolonbia. Gogoan edukiko dute gure irakurleek joan den martxoan Guillermo López buru duen 'Karibeko Euskal Etxea'k "Euskaraz Kolonbia" izenpean abiarazitako ekimena. Parte hartu nahi zutenei --Kolonbiakoak, inguruko herrialdetakoak baina beste edozein lekutakoak ere izan zitezkeen-- idazteko eta euskal esaldi edo esaera bat lortu eta hura ikasi eta kamera aurrean bota eta horren bideoa bidaltzeko eskatzen zitzaien. Emaitzak atera berriak dira, hainbat bideo-tarte bideo luzexeago batera bilduta.
Ekimeneko partaide izan diren bideoak Kolonbia bertatik iritsi dira (Cartagena de Indias, Puerto Colombia, Pereira, Barranquila, Medellín eta Bogotátik), Txileko Valparaisotik, Argentinako Burnos Airesetik, Estatu Batuetako Boisetik, Peruko Trujillotik, Mexikoko Pueblatik eta Euskal Herriko Laudio, Okondo, Urduña, Portugalete, Sopela eta Leioatik.
Hemen ikus ditzakezue bideo bakarrera bilduta:
'Karibeko Euskal Etxea'k eskerrak eman nahi dizkie bere lehenengo ekitaldia izan den "Euskaraz Kolonbia" 2021 ekimenean parte hartu duten guztiei. Euren helburua, aurrerantzeko ekimenetan ere, euskaldunei buruzko lekukotasuna ematea eta Kolonbiako biztanleak eta oro har nonahiko jendea modu jolaskorrago batez erakartzea Euskal Herria, bere hizkuntza eta kultura ezagutzera.