euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz bukatu da Chacoko EEko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak antolatutako antzerki tailerra

2009/06/26

Scolari Nuria, Valentina Selzer, Matías Benegas, Nicolás Chaparro, Lourdes Melgarejo, Marianela Echavarría, Samuel Alegre, Yanina Quiroz, Mauro A Carruego, Verónica Castillo, Ana P. Ayala, Nahuel Rebull, Luis Palacio, Roberto P Bertoldi, Gladis Queirel...
Scolari Nuria, Valentina Selzer, Matías Benegas, Nicolás Chaparro, Lourdes Melgarejo, Marianela Echavarría, Samuel Alegre, Yanina Quiroz, Mauro A Carruego, Verónica Castillo, Ana P. Ayala, Nahuel Rebull, Luis Palacio, Roberto P Bertoldi, Gladis Queirel...

PUBLIZITATEA

Arrakastaz bukatu da Resistencia hiri argentinarrean bertako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeak antzezpen teknikak hobetzeko antolatutako tailerra. Ikastaroa ematen, Villa Mercedesetik bertaratuak, Luis Palacio eta Verónica Castillo antzerki munduko profesionalak aritu dira. Bada denbora bat Chacoko Euskal Etxean antzerkia eta oholtza gaineko arteekin zerikusia daukaten ekimenak garatzen direla, tartean 'Aurrera Goaz' antzerki taldea bera. Ez da harritzekoa, beraz, tailerrak hogeita hamar partaide bildu izana.

Resistencia, Argentina. Giro zinez onean eta asko ikasi izanaren sentimentua nagusi bukatu da Resistencia, Chaco probintziako hiriburuan bertako 'Kotoiaren Lurra' Euskal Etxeko 'Aurrera Goaz' antzerki taldeko kideek antolatutako antzezpen teknikak hobetzeko tailerra. Kurtsoak hiru egun iraun ditu eta bakoitzean hiru orduko hiru klase praktiko egin dira. Tailerra emateko, propio etorri dira Villa Mercedesetik Luis Palacio eta Verónica Castillo taula gaineko profesional ezagunak. Ekimenak lortutako oihartzunaren seinale, ikastaroak Don Bosco eskolara bildu dituen 30 partaideak.

Antzerki tailerraren antolatzaileak

[Tailerraren antolatzaileak Mariela Echavarría, Mauro Ariel Carruego eta Rocio Villoldo]

2009 chaco antzerki tailerra

[Talde lana lantzea funtsezkoa da oholtza gaineko arte honetan]

Ekimenak iraun dituen hiru egunetan, ikasleek bereziki inprobisazioa lantzen eta bapateko antzezpen laburrak sortzen ikasi dute. Aldi berean, aurrez idatzitako gidoiak ondo antzezteko teknikak jorratu dituzte Luis Palacioren laguntzarekin. Ikastaroak oro har aktoreen sormena garatzea izan du helburuetako bat eta Palacioren eskolek, antzezpen teknika berriak izateko tresnak eta baliabide eszenikoak eman dizkie bertara bildutako lagunei. Halaber parte hartzaileek aktorearen eta antzerkien dinamika profesionala bertatik ezagutzeko aukera izan dute. Horretan guztian aritu eta saiatu ostean, azkeneko egunean, Euskal Etxeko lehendakari Marta Susana Ciruelo Etxeparek ziurtagiri bana eman die partaideei.

2009 Chaco antzerki tailerra

[Diploma banaketa: Rocio Villoldo, EEko lehendakari Marta Susana Ciruelo Etxepare de Canteros, Mariela Echavarría eta Mauro Ariel Carruego]

Ziurtagiriak banatu zizkieten parte hartzaileei

[Tailerrean parte hartutako bost gazte euren ziurtagiriekin]

'Aurrera Goaz' taldekoek eskerrak eman nahi izan dizkiete Luis Palacio eta Veronica Castillori ikastaroa emateko prest azaltzeagatik eta bertan ikasi ahal izan duten guztiagatik. Antzerki taldearen esker bereziak baita ere Euskal Etxeari, etengabe ematen dieten laguntza eta sostenguagatik. Baita ekimena islatu duten hedabideei ere, Chaco Probintziako Kultura Institutuari eta, bistan da, ikastaroan parte hartutako guztiei.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia