euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz itzuli da larunbatean Trenque Lauquen-era Euskal Sustraiak EEa antolatzaile duen Urdaiazpikoaren Festa

2022/10/31

Trenque Launquen-go Euskal Sustraiak Euskal Etxeak antolatutako 12. Urdaiazpikoren Afariaren bista orokorra
Trenque Launquen-go Euskal Sustraiak Euskal Etxeak antolatutako 12. Urdaiazpikoren Afariaren bista orokorra

PUBLIZITATEA

Trenque Lauquen, Argentina. Zeharo arrakastatsua izan da. Edizioa antolatzen hasi zirenean, euskal etxe egoitzan bertan egiteko pandemia ondorengo bilera xume bat izango zela pentsa zezaketen batzuk, baina bazkide eta hurbilekoen banan-banango eskariz, 250 lagunetik goragoko festa bihurtu zen. Ondorioz, lekua Barrio Alegre Klubaren instalazioetara aldatu eta Trenque Lauquengo XII. Urdaiazpikoaren Festa bertako herritarren eta ondoko 30 de Agosto, America eta Fortín Olavarría herrietako lagunen biltoki bilakatu zen, aspaldiko partez elkarretaratu eta gau gogoangarri batez gozatzeko aukera aparta.

Euskal Sustraiak-eko lehendakari Susana Echaidek ongietorria eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei. Aurreskua, Daiana Aguirrek eta euskal etxeko txikien dantza taldearen zuzendaria den Abril Velascok dantzatu zuten. Umeek euskal dantzak aurkeztu ondoren, gauak umorezko ikuskizun batekin jarraitu zuen, bertako ‘Todo terreno’ taldearen eskutik. Ohiko Ardo zahatoaren lehiaketa, eta dantza eta zozketak ere ez ziren falta izan, hiriko dendariek emandako sariekin, sari berezia tarteko: arkume bat.


Euskal etxeko haurren dantza taldea agertoki gainean


Euskal etxeko pilotari gaztetxoen aurkezpena, oraingoz guztiak gizonezkoak

Une berezia izan zen haurren pilota taldearen aurkezpenarena. Duela gutxi sortu zen taldea, eta dagoeneko euskal etxea ordezkatzen hasi diren hamar bat gaztetxok osatzen dute.


Jaiaren antolatzaileak: Agustín, Abril Velazco, Miriam Oyarzabal, Alicia Barrera, Belén Santos Igartua, Eugenia Barrera, Mónica Basa, Daiana Aguirre, Guillermo Bengochea, Daniel Barrera, Alberto de Tellería, Héctor Echaide, Susana Echaide, Osvaldo Buonarrotti eta Paula Aguirre

Kostatu egin zaio hamabigarrenari heltzea, baina merezi izan du!, zioten larunbatean bilduetako askok.

Zorionak Euskal Sustraiak!!!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia