Helsinki, Finlandia. ‘Basking Beat & Bite’ izenarekin ezaguna den jaialdia abuztu eta irail artean egin da, aurreko edizioetan bezala, aurten ere Helsinki eta Tampere Finlandia hegoaldeko hirietan. Ekimenak Europako iparraldean euskal kultura zabaltzea du helburu eta karia horretara euskal kulturaren adierazpen nagusietako bi hartzen ditu ardatz, musika eta sukaldaritza. Musika arloan, Zea Mays, Nøgen eta Janus Lester taldeak batu ditu aurten jaialdiak. Sukaldaritzari dagokionez, Ricardo Pérez eta Borja Etxebarria izan dira protagonistak.
Kontzertuak abuztuaren 29an hasi ziren. Nøgen eta Janus Lester bandek Tampereko GLiveLab aretoan jo zuten. Egun berean, baina Finlandiako hiriburuan, Zea Mays-ek Ravintola Emoko terrazan eskaini zuen bere emanaldia. Abuztuaren 31an, ordea, hiru taldeek bat egin zuten Helsinkiko Junk y Vegan Tabernan azken agurreko kontzertua ematearren.
Apur bat lehenago hasiak ziren euskal sukaldaritzarekin lotutako ekintzak, abuztuaren 13an hasi eta irailaren 7ra arte luzatuak, ‘Tampere Pintxo Festival’ eta ‘Euskal Gastronomia Jaialdia’ barne. Finlandiako publikoak aukera ederra izan zuen euskal pintxoak eta oro har euskal platerak dastatzeko, eta Ricardo Perez eta Borja Etxebarria Finlandiako sukaldari ospetsuenetako batzuekin aritu ziren.
Yandiola Jatetxeko Ricardo Perez eta Borja Etxebarria Finlandiako publikoarentzat lanean
'Basking Beat & Bite' jaialdian parte hartu zuten musikariak deialdi ireki baten bidez izan ziren hautatuak, aurreko urteetako edizioetan Gatibu, Zetak, Olatz Salvador, Izaro, Skakeitan, Bulego, ETS, Huntza eta Mikel Urdangarekin gertatu bezalatsu. Jaialdia Basking Euskal Etxeak antolatzen du, Etxepare Euskal Institutuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
'Basking Beat & Bite' jaialdia Instagram-en, basking.bbf