euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz darrai Asunciongo Sheraton-en Euskal Sukaldaritza Jaiak Iker Gonzalez donostiarra chef

2013/08/01

Iker Gonzalez Aierbe chefa, Hector Izaguirre Asunciongo EEko lehendakaria eta bere emazte Nora Izaguirre, eta Manuel Pfannl (argazkia ABC Color-Asuncion)
Iker Gonzalez Aierbe chefa, Hector Izaguirre Asunciongo EEko lehendakaria eta bere emazte Nora Izaguirre, eta Manuel Pfannl (argazkia ABC Color-Asuncion)

PUBLIZITATEA

Iker Gonzalez Aierbe, Donostiako Hotel Maria Cristina ospetsuko sukaldari -burua denak arrakasta hadiz eutsi dio hiriburu paraguaitarrean uztailaren 25etik aurrera eta bigarren urtez segidan eskaintzen ari den Euskal Sukaldaritza Jaialdiari. Etzi larunbata, abuztuaren 3an, amaiera ezarriko zaio euskal sukalde-moldeen erakuslehio aparta izan den ekimen honi, oihartzuna zaleen artean handia eta ona izan delarik, baita bertako euskal etxe eta komunitatekoen artean ere.

Asuncion, Paraguai. "Bikaina", "ederra", "oso goxoa", "aparta", "gogoangarria" edo, besterik gabe, "uau" esanez erantzun du publikoak uztailaren 25etik hona Asunciongo Sheraton hotelean, Iker Gonzalez Aierbe sukaldari donostiarraren eskutik --esku onetik esan behar-- Paraguaiko hiriburuan garatzen ari den Euskal Sukaldaritzaren Jaialdiari buruz galdetutakoan.

Aurtengoaren aurretik, iazko esperientzia ere behar da aipatu, orain urtebete etorri baitzen lehenengo aldiz Donostiako Maria Cristina hotel ospetsuko sukaldari-buru den Iker Gonzalez bere arte onen emaitzen erakuslehio hau eskaintzera, eta arrakastak eraginda aurtengoan errepikatzeko eskatu zioten antolatzaileek, munduko beste hainbat lekutako chef eta sukaldaritza motekin egin ohi baitute ekimen hau Asunciongo Sheraton hotelean.

Egunero afariak zerbitzatu ditu chef donostiarrak, edo zerbitzatu baino gehiago eskaini, buffet moduan planteatutako ekitaldia baita. Parte hartu duten tripazain eta gourmetak plateren eta pintxoen itxurarekin liluratu izan dira lehenik, kolore, forma eta zaporeen jaialdia izan baita bertan eskaini dena, normalean gainera hemen dastatzeko batere aukera ez dagoena, besteak beste lehen-gaietako asko Europatik ekarri edota berak propio eskatuta lortu baitira gastronomia erakustaldi hau posible izan zedin.

Inaugurazio egunean, uztailaren 25ean, euskaldunen egun gisa planteatu zuten antolatzaileek eta Asunciongo Jasone Euskal Etxeak, EEko bazkide bat baino gehiago ondorengo egunetan ere izan dela jakin izan badugu ere. 25ean, euskal etxe asunciondarreko buruzagitza, Hector Izaguirre lehendakaria buru, bertaratu zen eta ekitaldia EEko abesbatzaren kantuez eta dantzaz edertu zuten, horretan protagonismoa izan zuelarik, jakina, elkarteko euskara irakasle den Jesus Nazabal berastegiarrak eta bertan sortu bere familiak.

Hector Izaguirrek EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, zinez gustura daude ekitaldiarekin eta lortu duen oihartzun eta arrakastarekin. B esteak beste, "Paraguain erreferentzia handia den ABC Color-eko erreportariak ere bertaratu ziren". Izaguirrek aitortzen digunez, "Iker-ekin ezin hobekiago moldatu gara. Saiatu gara laguntzen, eta berak eskatutakoak, tartean ikurriña, musika eta euskal adierazgarriak eraman ditugu. Joan den asteartean gure egoitzan egin dugun Zuzendaritza Batzordearen bilera batera gonbidatu genuen, eta behar bezala errezibitu dugu, Hernan Zubizarretaren  'Apellidos Vascos del Paraguay' liburuaren ale bat emanez, eta geure euskal etxearen ohorezko liburuan sina zezan eskatuz", amaitzen du Jasone Euskal Etxeko lehendakariak.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia