euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz bukatu ziren atzo Rosarion 2012ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren saioak (I)

2012/10/29

Honako ongietorri hitzekin eman die harrera asteburu osoan Rosariora 2012ko Euskal-Argentinar Euskal Aste Nazionalera hurbildu zirenei (argazkia EuskalKultura.com)
Honako ongietorri hitzekin eman die harrera asteburu osoan Rosariora 2012ko Euskal-Argentinar Euskal Aste Nazionalera hurbildu zirenei (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan egin dira Rosario hirian 2012ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren saioak, aurten bertako Zazpirak Bat Euskal Etxea antolatzaile, izan ere elkarte honek berak bere lehenengo Mendeurrena ospatzen zuelako eta bi ospakizunak ospagai handi bihurtu eta euskal-argentinar komunitate zabalarekin konpartitu eta gizarteratzeko asmoa zuelako eskatu baitzion aspaldi FEVAri 2012ko festa nazionala Rosariora ekartzea. Helburuak erabat beterik, joan den asteburuan Rosario euskal festaz jantzi da, Argentina osotik iritsitako euskaldunei eta euskaldunen lagunei ongietorria emanez, eta aldameneko Uruguai eta Brasildik ere jendea etorririk, baita Euskal Herritik ere. Gaurtik hasita eta ohi duenez, EuskalKultura.com-ek artikulu saila argitaratuko du, euskal-argentinar hitzordu nagusi honen argazki eta irudi kronika eginez.

Rosario, Argentina. Oturuntza jendetsu batek ipini zion atzo igandez amaiera joan den astean zehar eta aurretik ere Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen Mendeurrena ospatuz garatu den egitarau zabal bati. Bereziki azken ostiral, larunbat eta igandez garatutako ekitaldiek Argentina osoko hainbat jenderen bilgarri izan dira Rosarion, gehienbat Argentinako bazterretatik bilduak, baina baita ere auzoko Brasil eta Uruguaitik eta, nola ez, Europako Euskal Herritik ere, ordezkaritza artistiko eta politiko zabala iritsi baitzen Amalurretik, tartean Itxartu dantza talde getxoztarreko kideak, Urko, Naia Robles eta Natxo Knörr kantariak eta, alde politikoari dagokionez, Ibarretxe lehendakaria eta EAJ, Ezker Abertzalea, EA eta Aralarreko kideak, Independentistak sareko ordezkaritza batekin batera.

Igandeko bazkarira mila eta berrehun bat lagun bildu baziren, asteburuko ekitaldiek, bereziki jai-giro handiagoa zeukatenek ez ziren atzean gelditu. Ostiraleko eta larunbateko jaialdiek, El Circulo antzokian eginik, eta larunbat gaueko berbenak giro eta jende andana polita ekarri zuten. Larunbatean, berriz, nazio osotik helkdutako FEVAko ordezkariek euskal etxeen federazio argentinarraren Euskal Aste barneko ohiko bilkura egin zuten, baita ere dantza-taldeetako zuzendariek, Liburutegietako arduradunek, musikariek eta abarrek, baliatuz Euskal Asteak daukan erakarmena eta eskaintzen duen egokiera normalean elkarrengandik ehundaka edo milaka kilometrotara lanean ari direnak bildu eta elkarren ahalegin eta eskarmentuak azaldu, trukatu eta elkarganatzeko.

Sho Hagio eta, bihartik aurrera, irudi bidezko kronika

Bilkurak Japoniatik etorritako Sho Hagio Tokyoko Euskal Etxeko japoniar euskaldunaren presentzia ere bildu zuten, Uruguaiko zenbait euskal etxetako ordezkaritza zabal batekin eta Brasilgo Sao Pauloko beste batekin batera.

Urtero ohi duenez, EuskalKultura.com-ek Euskal Aste argentinarraren argazki eta irudi bidezko kronika bat argitaratuko du bihartik aurrera, aurtengo edizioak eman dituen une eta momentu gogoangarrienak nabarmenduz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia