euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handiz ari da aurrera San Martingo EE gaztea, euskal elkarte zaharragoen alkartasunari esker

2015/10/06

San Martin de los Andesko II. Euskal Taberna irailaren 26an izan zen
San Martin de los Andesko II. Euskal Taberna irailaren 26an izan zen

PUBLIZITATEA

Asteburu osoko ekitaldi bat antolatu zuten San Martin de los Andesko Euskal Txokoa euskal etxeko lagunek komunitateari begira. Alde batetik, Sukaldaritza Tailerra eskaini zuten. urrutitik --San Nicolaseko euskal etxetik, Buenos Aires probintzia iparraldetik-- propio etorritako sukaldariek larunbat eta igandean; bestetik, Euskal Taberna izeneko jaian, euskal dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten gonbidatuek, Bahia Blancatik etorritako dantzariei esker. 

San Martin de los Andes, Argentina. Bide txukuna ari da gauzatzen urtebete baino ez duen San Martin de los Andesko Euskal Txokoa Euskal Etxea, Neuquen probintzian, eta bide honetan eskarmentu handiko instituzioen laguntza ari da jasotzen. Gogora dezagun oso denbora laburrean, Barilocheko 'Mendiko Euzko Etxea'-ko lagunen eta 'Euskal Zine Ziklo Ibiltaria'ren arduraduna den Carlos Gabilondoren bisita jaso zutela sanmartindarrek, betiere euskal kultura zabaltzeko helburua ahalik eta ondoen bete ahal izateko.

Iraileko ekintzetarako, urrunagora joan nahi izan dute euskal etxeko arduradunek eta bi proposamen luzatu dizkiote komunitateari. Larunbat eta igandeko Euskal Gastronomia Tailerra eman zioten jardunbide handia duten Damian Cebey, Damian Landaburu eta Ana María Erausquin San Nicolaseko sukaldariek hamabost ikaslek osatutako talde bati.

Euskal Txokoa-ko lehendakari Manuel Bustingorryk EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso esperientzia ona izan da eta batez ere oso baliagarria, ikasitakoa guk ere irakatsi ahal izango dugulako. Tailerrean parte hartu zuten lagunak oso pozik zeuden, lan egiteko gogoz eta harrituta San Nicolaseko sukaldariek gure alde egindako lana eta ahaleginagatik”.

Tailerreko menuari dagokionez, baratxuri mousse-a, txorizoa sagardo erara, odolki pintxoak, txipiroiak gurinarekin, azpiki bat, sagarrak labean eta madariak ardoarekin prestatu zituzten sukaldari gonbidatuek.

Euskal Txokoa-ren Bigarren Euskal Taberna

Lagun asko bildu ziren larunbat gauean hiriko jendarmeriaren aretoan Euskal Tabernan parte hartzera. Oraingo hitzordu honetan ere izan zuten betebehar bat San Nicolaseko sukaldariek eta ondo baino hobeto bete zuten: jadanik klasiko bat den euren paella erraldoia prestatu zuten Patagoniako lagunentzat. Baina euskal chefak ez ziren gaueko protagonista bakarrak izan. Bahia Blancatik hamar bat dantzarik zeharkatu zuten Argentina, Atlantikotik Andeetaraino, jaian dantzatzera. Hainbat euskal koreografia aurkeztu ondoren, publikoarekin dantzatu zuten Unión Vasca-ko ordezkariek.

Etorkizunari begira, Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkaritzak antolatutako ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa jarriko du erakusgai Euskal Txokoak urriaren 7tik 12ra. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatutako sentsibilizazio kanpainetako materiala biltzen duten panelak hiriko Liburu Azokan ikusi ahal izango dira, udal erakusketa aretoan. Honetaz gain, azaroaren amaierako, tele-hitzaldi bat ari dira antolatzen Euskal Txokoa-koak beren txikiek eta Euskal Herriko ikastola bateko umeen artean.

San Nicolasekoen hitzak

Asko bidaiatzen dute sukaldari sannicolastarrek euskal etxeetara, euren gastronomia tailerrak eskaintzera. Baina hiru mila kilometroko bidaia egin duten lehenengo aldia izan da hau eta esperientziak asko hunkitu ditu.

Euskal Etxea-ko lehendakaria den Damian Cebeyk azaldu digunez, “akuilu ona da guretzat etxetik hain urrun gure berri zeukatela jakitea; kilometro asko egin genituen baina euskal etxeko lagunak oso eskertuta zeuden eta hori sentitzea polita da. Beste alde batetik, guretzat erronka bat izan zen leku ezberdin batean janaria prestatzea, ezagutzen ez genuen jendearekin, eskarmentu ezberdina zuten lagunekin. Den-dena izan zen erronka baina ondo egin genion aurre”, adierazi digu Etxe Nasaia programaren bultzatzaile nagusiak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia