Nekazaritza Elkarteko erakustaldiaren baitan egiten da urtero Pergamino hirian Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea. Oso talde sendo bati esker, Lagun Onak Euskal Etxearen txokoa bost egunez jarraian eta eguerditik gaueraino egon zen irekita publikoaren jakinmina eta euskal platerak dastatzeko grina asetzeko. Arrakasta honek animo handia ematen die euskal arduradunei datozen hitzorduetarako. Berehala ospatuko dituzte erakundearen urteurrena, Pergaminoko urtemuga eta Euskal Astea… batzuk aipatzearren.
Pergamino, Argentina. Irailaren 7tik 11ra egin da aurten Pergaminoko Nekazaritza Elkartearen erakustaldia eta erakusketarekin batera Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea. Lagun Onak Euskal Etxeko kideak egunero izan ziren bertan eta mota askotako mokaduak ez ezik, Euskal Herriari buruzko informazioa ere eskaini zion instituzioak publikoari.
Euskal Etxeko lehendakariordea den Carlos Miguelenak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, talde handi samarra osatu zuten lan egiteko, "hogei bat pertsona; eta horrela standean, egun osoan zehar eskaini ahal izan genuen gure menua: pintxoak, txistorra eta kazolak. Erakusketaren inaugurazio desfilean ere izan ginen eta, helburu nagusia bete genuen: Euskal Etxearen presentzia bermatu eta euskal kultura zabaldu garrantzi handiko ekitaldi honetan”, esan digu.
Erakusketa bukatuta, erabat animaturik daude beste ekintza batzuetarako, eta hitzordu berrien prestaketan dabiltza Lagun Onak-eko ordezkariak datozen asteetan. Alde batetik, Euskal Etxearen urtebetetzea ospatuko dute. Bestetik, hiriaren urteurrenaren ekitaldietan hartuko dute parte sukaldari eta dantzariekin. Azaroan, berriz, Necocheako Euskal Aste Nazionala izango dute hitzaldi nagusia.
Baina jaiak ez dira dena Pergaminoko Euskal Etxean. Euskararekin ere ausartu dira instituzioko lagunak eta joan den astean 15 ikaslek osatutako talde bat Euskaltzaleak-en On Line ikastaroarekin hasi da ikasten.