Comahueko Euskal Etxearen aurkezpen ofiziala apirilaren 9an izan zen, Neuquen hirian, Cordoba, Rio Cuarto, Viedma eta Patagones, Bariloche eta San Martin de los Andes hirietako euskal gizataldeak lagun (argazkia Ines Ibarra)
Apirilaren 9an izan zen, Neuquen hiriko ‘Artisauen Pasealekuan’, Comahueko Euskal Etxearen aurkezpen ekitaldia. Hainbat lagunen laguntza paregabea izan zuten jaio berria den erakundeko kideek euren jaian; izan ere, hiriko gobernuko mandatariek ez ezik, festan parte hartzeko kilometro ugari egin zituzten euskal gizataldeko ordezkariek ere hartu zuten parte jaialdian. Hona, ekintzaren argazki galeria.
Neuquen, Argentina. Urrun ikusten zen Euskal Etxearen aurkezpen ofiziala iaz, ideiaren bultzatzaile nagusia den Rafa Molina durangarra jendea biltzen hasi zenean. Baina uste sendoko euskaldun honek ez zuen batere etsi eta gogor ekin zion instituzioa sortzeko proiektuari. Sare sozialen bitartez, lagunen sarea ehundu zuen Molinak eta, 'egiaren momentua' iritsitakoan, Comahueko Euskal Etxeak lehenengo euskal jai jendetsu eta koloretsua eskaini dio komunitateari.
Aberri Egunaren ospakizun ere izan zen aurkezpen ekitaldian, Euskal Etxe berriko kideak ez ziren bakarrik egon. Izan ere, era batean edo bestean Argentina osoko euskal kolektibitateak bere babesa adierazi zien. Neuquenera bertaratu ziren, besteak beste, Cordobako Gure Txokoa, Rio Cuartoko Gure Ametza, Viedma eta Patagonesko Beti Aurrera Aberri Etxea, Barilocheko Mendiko Eusko Etxea eta San Martin de los Andesko Euskal Txokoa euskal etxeetako ordezkariak.
“Apirilaren 9an bizi izandakoa betiko geratuko da gure bihotzetan, Euskal Etxearen aurkezpena izan zelako baina, batez ere, gure arimak hunkitu zirelako dantzak ikustean eta txalapartaren soinua entzutean”, adierazi dio EuskalKultura.com-i Rafa Molinak. “Beraz, antolatzaileen izenan, esker beroak luzatu nahi dizkiegu Neuquen hiriari, Udalari, Argentinako Armadari –gonbidatuei eurak eman zieten-eta ostatua–, Artisauen Azokari, hiriko komunikabideei eta, nola ez, hainbat euskal etxetako ordezkaritzei. Orain bai esan dezakegu hasiak garela gure euskal lur zati bat hemen izaten”, laburbildu du.