euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta handia ari dira izaten sarean EH sekula zapaldu gabeko Kolonbiako eta Greziako bi euskaldun berri autodidakten bideoak

2014/09/30

Abuztuan eskegi zuen Jose Miguelek lehenbiziko bideoa eta, hortik gutxira, erantzun egin zion Mariak. Milaka bistaratzen dituzte bien bideoak. (Irudia: YouTube)
Abuztuan eskegi zuen Jose Miguelek lehenbiziko bideoa eta, hortik gutxira, erantzun egin zion Mariak. Milaka bistaratzen dituzte bien bideoak. (Irudia: YouTube)

PUBLIZITATEA

Jose Miguel Ramírez Giraldo izan zen lehena. Pereiratik (Kolonbia) hasi zen hizkuntza desberdinetan grabatutako bideoak YouTube-n eskegitzen. Horietako batean, euskaraz berba egiten ikusi zuen Maria Spantidi greziarrak eta beste bideo batekin erantzutea erabaki zuen. 7.000 bistaratze inguru dituzte Jose Miguelen bideoek. 15.000tik gora Mariarenak. Biek ala biek egin dute berba Euskalkultura.com-ekin.

Los Angeles, Estatu Batuak. Hamabost hizkuntzetan hitz egiteko gauza da Ramírez Giraldo baina, bere hitzetan, “hizkuntza kuttuna” du euskara. “Zinez maite dut eta gero eta gehiago hazten eta hedatzen ikusi nahi dut, lau haizetara gainera”, gehitu du, aitortuz bere prozesuan lagungarri izen zuela . Maria Spantidik, bestalde, euskararekin “maiteminduta” dagoela aitortu zuen Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa batean eta, euskararengandik gehien gustatzen zaiona zer den galdetuta, “bere musikaltasuna” esan dio buletin honi. “Hizkuntza oso ederra iruditzen zait, benetan entzuten edo hitz egiten dudanean, oso zoriontsu sentitzen naiz”.

Lehen bideoa YouTube-n jartzean “zegoen hutsune bat bete nahi” zuen kolonbiarrak. “Jende askori erakutsi nahi nion euskara bezalako hizkuntza bat ikasterakoan nahia dela garrantzitsuena eta ez baliabideak ez eta kokapen geografikoa ere”. Izatez, Ramírez Giraldok interneten bistaratuta zituen euskaldun berrien bideoetan, protagonistek beti esaten zuten euskaldun zaharren laguntza izan zutela, berak ez bezala. Horrez gain, euskaldun gehiago ezagutzeko bide ona izango zela pentsatu zuen. Eta hala izan da, agidanez.

Atenasetik ikusi zuen Maria Spantidik bere bideoa. “Jose Miguelen bideoa ikusi dudanean (sic) oso pozik sentitu nintzen, Euskal Herritik kanpo badagoela euskararekiko zaletasun bera duen jendea konturatu nintzelako”, aitortu du. “Jose Miguelek euskara ikasi zuen bere kabuz! Ikasten jarraitzeko inspirazio asko eman zidan”. Eta Mariak berak bezala, Jose Miguelek ere baditu bere homologoarentzat hitz onak: “Mariaren hitz-jarioa nabarmentzen dut, hala nola hizkuntzari emandako soinu goxoa eta mezuaren zehaztasuna. Maria, hitz gutxiz esanda (sic), eredugarria da munduko euskara ikasle gazte guztientzat”.

Beren herrialdeetatik, euskara ikastera animatzen dute jendea bi euskaldun berri hauek. “Badakit ez dela munduko hizkuntzarik errazena –esan du Mariak−, baina merezi du. Euskara ikasten ez dutenek ez dakite zer galtzen duten”. Bernat Etxepareren hitzak ekarri ditu gogora Ramírez Giraldok: “Euskara, jalgi hadi mundura! Nire bideoetan horixe nabarmen geratzen dela uste dut, batez ere bideo azpian dauden esteka mordoa ikusita”.

Mariak, bukatzeko, euskarak pertsonalki zelan lagundu dion azpimarratu du: “Pertsona hobea izaten lagundu dit. Euskarari esker nire perfekzionismoa gainditu dut eta hori oso garrantzitsua izan da niretzat. Hizkuntza hain berezia hitz egiteaz oso harro nago, ezin dut sentimendu hau deskribatu, oso positiboa da eta beste jendeak sentimendu bera edukitzea nahi nuke”.

Hemen topa ditzakezu Jose Miguelen eta Mariaren bideoen estekak:

Maria Spandini: “Maria hablando euskera – Maria speaking Basque [Beste euskaldun autodidakta bat]

Jose Miguel: “Euskaldun berri autodidakta”
Jose Miguel: “Gu euskaldun berriok (Euskaldun berri autodidakta, 2. Bideoa)”
Jose Miguel: “Polyglot speaking 15 languages - Políglota hablando en 15 idiomas”
[ingelesez (1:25), frantsesez (1:53), euskaraz (7:14), gaztelaniaz (9:42)]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia