euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal-irlandar konplizitatea eta 'Astigarragan bezalako giroa' nagusi Belfasteko BertsoDinner-en

2010/05/07

Giroa itzela eta ezinhobea izan zen, galdetutako guztiek aho batez aitortu dutenez. Maialen Lujanbio eta Jon Maiak espektatibei eutsi zieten, giro derra ipiniz lehenago eliza eta gaur egun jatetxe eta liburutegia den lekuan (argazkia Iñaki Irigoien)
Giroa itzela eta ezinhobea izan zen, galdetutako guztiek aho batez aitortu dutenez. Maialen Lujanbio eta Jon Maiak espektatibei eutsi zieten, giro derra ipiniz lehenago eliza eta gaur egun jatetxe eta liburutegia den lekuan (argazkia Iñaki Irigoien)

PUBLIZITATEA

Astigarragan kantatzen arituko balira bezala sentitu omen ziren Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak joan den larunbatean, Maiatzaren Lehenean, Belfast-en, 'BertsoDinner' izenpean hirugarren edizioa bete zuen ekitaldian, Irlanda Iparraldeko hiri nagusiko euskal talde batek antolatutako egunpasa eta bertso-saioan. Partaideak Irlandako zenbait aldetatik, Eskoziatik eta Euskal Herritik --Biarritzetik bertara dagoen 'low cost' hegaldi batez-- iritsiak ziren, Langileen Eguneko asteburu berezi bat ospatzera, eta gustura atera ziren, Belfast hiria gida bereziez ezagutzeaz gain, Guinessa eta bestelako garagardoei buruz jakitatea aberasturik, euskal-irlandar giro berezi eta oso animatuko afari eta saioa bizi izan baitzuten, gaua ondoko dantzaleku batean amaitzeko. Bertaratutako asko datorren urterako planak egiten hasiak dira, festa honen laugarren edizioari begira.

Belfast, Irlanda Iparraldea. Hirugarren edizioa zuen aurtengo BertsoDinnerrak, eta lehenengotik jendearen partaidetzak gora baizik ez du egin, aurreneko edizioan, 2008an, berrogeita hamar lagun bildu baziren, orduan Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes bertsolariekin, bigarrenean laurogeita hamarrera pasatu baitzen, eta aurtengoan, berriz, 114ra iritsi baita. Bertsozaleak gustura datoz Irlandara, bertako euskaldunak pozik daude aukera hau izateaz eta bertsolariak ere pozik ohiko zirkuituetatik atera eta zerbait desberdina egiteaz, nahiz eta batzuen kasuan gero eta maizagoa bilakatzen ari den atzerriko leku urrunetan kantatzea, Maialen Lujanbio ia etorri berria baita Andoni Egañarekin Estatu Batuetako San Frantziskon kantatzetik.

2010 belfast irlanda bertsoDinner 02

[Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariak joan den zapatuan Belfast-en, BertsoDinner ekimeneko programan kantari (argazkia Iñaki Irigoien)]

2010 belfast irlanda bertsoDinner 03

[Euskal Herritik heldutako partaideak ere berehala egokitu ziren bertako ohituretara eta apreziatu zituzten bertako modu eta produktuak. Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak arduraz dastatu zituzten 'gasolina' gisa aipatu zuten garagar zukua (argazkia Iñaki Irigoien)]

Belfastekoa, bertsoaren inguruko egunpasa izan zen, Maiatzaren Lehena bestela ospatzeko modua. Batez ere Euskal Herritik abiatu zen koadrilarentzat, Belfast hiria bertako euskal gidariekin ikusteko aukera, Irlandara hurreratzeko beste modu bat, bertako garagardo ohiturak hurbilagotik ezagutzeko bidea eta bertsozaletasuna ohikoa ez den leku eta inguru batean asetzeko xantza, festa euskal-irlandarra egiteaz aparte.

2010 belfast irlanda bertsoDinner 04

[Musikariak ere etorri ziren Euskal Herritik: Antzuolatik heldu zen trikitilari bikotea (argazkia Iñaki Irigoien)]

Antzuolatik etorri ziren trikitilariek euskal musika ipini zioten egunari, bertako moldeekin nahasiz. Eguraldiak ere frango lagundu zuen, egun ederra egin baitzuen. Emaitza, oso ona, itzela askoren ustetan. Izan ere, hasiak dira batzuk datorren urteko edizioan pentsatzen. Beharko, seguruenik, aurten festa baino hilabete bat lehenago agortu baitziren sarrerak. Interesa duena, erne egon dadila, garaiz baitago heldu den urterako planak egiteko.

-Bertso saioa Hitzetik Hortzeran, gomendagarria: http://www.eitb.com/kultura/bertsolaritza/



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia