euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakasta Aberri Eguneko ospakizunetan Kubako Habanan joan den larunbat eta igandean

2009/04/14

Erabat pozik lortutako arrakastarekin, bikote garailea, Daniel Velez eta Josemi Arrugaeta, irabazle-txapela bana buruan, iragan larunbatean Habanako Centro Vasco jatetxean eginiko mus norgehiagokaren ondotik (argazkia Jose Goitia)
Erabat pozik lortutako arrakastarekin, bikote garailea, Daniel Velez eta Josemi Arrugaeta, irabazle-txapela bana buruan, iragan larunbatean Habanako Centro Vasco jatetxean eginiko mus norgehiagokaren ondotik (argazkia Jose Goitia)

PUBLIZITATEA

Larunbat eta igandeko programa osatu batez gauzatu dute Kubako Habanan joan den asteburuan Aberri Eguneko festa. Kubako eta Euskal Herriko eragin uztartuak nabariak ziren giro erakargarrian, ekitaldiak Mus Txapelketa batekin hasi ziren, arratsaldeko hiruretan, larunbatez, ospakizun guztien egoitza izan den Habanako Vedadoko Centro Vasco jatetxean. Zortzi bikote partaide eta, giro oneko baina konpetizio gogorreko partiden ostean, 'egindako iragarpenen kontra' EuskalKultura.com-i protagonistek berek aitortu diotenez, Josemi Arrugaeta bertako egoiliarrak eta Daniel Velez Iparraldeko argazkilariak --egun hauetan Habanan argazki erakusketa bat aurkezten ari denak-- osatutako bikoteak jaso zuten txapela.

Habana, Kuba. Bezperan Mus Txapelketak eragindako giro onak lagunduta, igandean, apirilaren 12an, jendea pixkanaka joan zen iristen Centro Vasco jatetxera. Partaideen artean, Asociacion Vasco-Navarra de Beneficencia (AVNB) elkarte deitzaileko kideak, La Habanan bizi diren Euskal Herriko euskaldunak, lagun, bisitari eta gonbidatuak. Edorta Jimenez idazleak hitzaldiñoa eman zuen, ongi-etorri hitzak AVNBko presidente den Maria Teresa Cornidek egin zituen, eta Euskal Herritik etorritako bertsolariek ere --Unai Muñoa eta Ander Lizarralde-- izan zuten aukera euren kide kubatarrekin --Luis Paz eta Emiliano Sardiñas repentistekin-- indarrak neurtzeko, euskaraz eta gaztelaniaz bustitako emanaldian. Guztia burutzeko, Azpeitiko Kupela taldea arduratu zen musikaz.

2009ko Aberri Eguna 01

[Borrokatutako txapela izan zen. Habanan, ezin falta purua. Ikusleen artean, jesarrita, erdian, Edorta Jimenez idazle mundakarra, biharamunean Vedadoko Centro Vascon bertan hitzaldia eskainiko zuena (argazkia Jose Goitia)]

Bazkariak ehundik gora partaide bildu zituen, beti ere Centro Vasco jatetxean (menua, entsalada, Marmitakoa, paella eta 'mahaiburuko on bat'). Ondoren, jatetxeko diskoteka partera pasatu ziren, arratsaldeko zazpiak arte, euskal musika bideoak emanez, Kupela taldeak joz, Ray Fernandez kantari kubatarrak kantatuz eta bertsolariak ere arituz. Une goxoak, erritmoa, giroa eta egun nazionala pasatzeko aukera gogoangarri polita.

Bostgarrenez segidan ospatu da gisa honetan Aberri Eguna Habanan. Arrakasta, lan isilean baina beti lanean ari den Matxitxari zor zaio, batetik; baita Asociacion Vasco Navarra de Beneficenciako zuzendaritzari ere; eta, bistan da, izena agertarazi nahi gabe ilusioz aritutako beste zenbait euskaldunei ere, helburua komunitate euskal-kubatarra eta bere bizitasuna berpiztu eta biziberritzean ipinita. Ezin ahaztu hemen finkatutako dagoen Berotz euskal enpresako lagunak, guztian paraide; Jose Luis 'chef' azpeitiarra, marmitako ederraren egile; eta Centro Vascoko langileak, bertako zuzendari Jose Angel buru, ahaleginetan beti, bildutako guztiek ongi pasa zezaten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia