euskal diaspora eta kultura
2012/06/15
PUBLIZITATEA
Necochea, Argentina. Argentinan, eskarmentu handia dute Necocheako euskaldunek San Juan gaua ospatzen. Izan ere hau da bertako Euzko Etxeko jai egutegian bereziki azpimarratuta dagoen datetako bat, izan ere urtero antolatzen baitute panpinaren erretzea hiriko berdegune batean.
Tradizio zahar horri jarraituz, aurtengo San Juan sua ekainaren 16an, bihar, piztuko da Buenos Aires probintzia hegoaldeko herri honetan, iluntzeko 8etan. Euskal etxeko txikienek egindako sorgin erraldoi bat erreko da eta suaren inguruan Euskal Herriko ohiko dantzak egingo dituzte etxeko dantzariek. Suak urtaro berri bat hastera gonbidatuko du bildutako jendea eta gero, sugarrak itzaltzean, euskal etxera mugituko dira plater bero eta tipikoak dastatu eta erromerian parte hartzera.
Cañuelas eta Buenos Airesen
Gaur zortzi, berriz, beste bi euskal erakundek gauzatuko dute euren gau magikoa. Cañuelasen komunitate osoari begirako ekitaldi batekin ospatuko dute San Juan gaua bertoko euskaldunek. Baina ez dira bakarrik izango proposamen honetan. Aurreko urteetan bezala, Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat euskal etxeko eta Cañuelaseko bertoko ‘Las Cañuelas’ eskolako ikasleek ere dantzatuko dute euskal musikaren erritmoan. Hitzordua, datorren larunbatean. “Arratsaldeko 6ak aldera elkartuko gara euskal etxearen egoitzan eta hortik, kalejiran abiatuko gara euskal etxetik lauzpabost kaletara dagoen eremura. Hor erreko dugu sorgin panpina erraldoia eta suaren inguruan dantza egingo dute dantzariek eta biltzen zaizkienek. Ondoren, egoitzara bueltatuko gara eta lagun arteko erromeria egingo dugu” jakinarazi dio Denak Bat-ko lehendakari Daniel Sancholuzek EuskalKultura.com-i.
Ekainaren 23an ere gauzatuko da Iparraldeko Euskal Etxearen Sorgin Afaria. Urtero bezala, Moreno kalean dagoen egoitzako kintxoa benetako kobazulo bihurtuko da hiriburuko sorgin guztiak erakartzeko. Dudarik gabe, eskainiko den menu goxoak ere erakarriko ditu. Topaketa honetara pintxoak, lokro argentinar tipikoa, izozkiak, edariak eta gauerdiko zurrakapotea eskainiko dituzte anfitrioiek. Gauerdi aldera ere, betiko araua burutuko dute Iparraldeko Euskal Etxeko sorginek bildutako lagun guztien ametsak betetzeko asmoarekin. Hitzordua, ekainaren 23an, gaueko 9:30etan. Sarrerak 50 peso balio ditu eta antolatzaileek eskertuko dute aldez aurretik erosten badira. Erreserbak egiteko (ekainaren 21a arte), deitu telefono hauetara: 4383-5831 (IEEko idazkaria); 15 3784 5370 (Kultur azpibatzordea); edo email bidez: ibaiak@hotmail.com.
Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat
Argentinako ospakizunekin bukatzeko, ekainaren30ean piztuko da San Juan sua Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras herrian. Zazpirak Bat euskal etxeak gonbidaturik, Cañuelaseko euskaldunek ere hartuko dute parte trenbidearen aurreko eremuan egingo den festa honetan. “Egitaraua iazkoa bezalakoa izango da, baina jende gehiago etorriko da. Eta dantzariek ere koreografia gehiago aurkeztuko dituzte suaren inguruan, baita ondoko afarian ere. Afaria Sportman Klubean izango da eta afariko menua, dilistak”, iragarri digu Zazpirak Bateko lehendakari Luis Echegaray-k.
[Gral Las Heraseko Zazpirak Bat-ek San Juan jaia iragartzeko zabalduko duen afixa]
Aipatutako euskal etxe eta herri argentinar hauetaz aparte, Rio de la Platako herrialde honetako beste euskal etxe eta herri batzuetan ere egingo dira San Juan su eta ospakizunak. Tradizioa izan dute eta bildu izan zaizkio ohitura horri, esaterako, Chivilcoy, General Roca, Resistencia, Suipacha edota Viedmako euskaldunak. Horietatik, Chivilcoy eta Viedmakoak baieztatu diote EuskalKultura.com-i aurten ez dutela egingo, eta Suipachakoa ere ez dabil ospakizun honetan aktibo. Ondoko Uruguain, Montevideon indar handiz ospatu izan da Montevideon, Haize Hegoa euskal etxearen sostenguz. Munduko beste herrialde batzuetan, gogor ekingo diote, esaterako, Mexiko Hiriko Euskal Etxean, San Juan ospakizun batekin, edota, esaterako Caracasen eta Madrilen, besteak beste.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus