euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Armstrong herriko Eusko Txokoak, Santa Fe probintzian, sukaldaritzaren bidez zabaltzen du euskal izena

2016/06/29

Elorriaga sendia Armstrong-eko Gizataldeen Jaian
Elorriaga sendia Armstrong-eko Gizataldeen Jaian

PUBLIZITATEA

Eusko Txokoa euskal jatetxe eta euskal etxea da. Duela hamabost urte sortu zuen Armstrong-eko Elorriaga familiak eta zalaparta handirik egin gabe, euskal giroa sustatzen du bere inguruan, batez ere gastronomiaren bidez. “Proiektu familiarra da, euskal etxea gure etxea da”, adierazi dio EuskalKultura.com-i familiaren burua den Norberto Elorriagak. “Dena den, asko gustatuko litzaiguke Argentinako euskal kolektibitatearekin kontaktatzea”.

Armstrong, Argentina. Santa Fe probintzia argentinarrean kokatua, eta Rosariotik ehun bat kilometrora, Armstrong herriko Eusko Txokoa Elorriaga familiak kudeatu du hamabost urtez. Norberto Elorriagak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “aitona zen Euskal Herrikoa, Bizkaiko arratzuarra, eta berak transmititu zigun euskal kulturarekiko maitasuna. Orain dela 20 urte, gizataldeen jaia hasi ginen antolatzen eskolako herrian, eskolan, eta guk, elorriagatarrok, gure proposamen gastronomiko luzatu genuen. Hain izan zen arrakastatsua, non denborarekin lagunek konbentzitu baikintuzten euskal jatetxea jartzeko. Hala egin genuen. Eusko Txokoa euskal jatetxea da, eta baita gure euskal etxea ere”.

Behin jatetxea sortuta, Elorriaga saiatu zen beste euskal erakunde batzuekin kontaktuan jartzen baina zorte handirik zuen izan. “Gaztetan kamioi gidaria izandakoa naiz eta bidaietan ezgutu nituen euskal etxe batzuk: Bahia Blancakoa, Buenos Aireseko Juan de Garay Fundazioa eta Eusko Kultur Etxea, Rosariokoa… baina harremanek ez zuten iraun. Roldango dantzariak ere etorri izan dira behin edo bitan gure Gizataldeen Festara dantzatzera, baina esan bezala kontaktuek ez zuten jarraitu”.

Elorriaga sendiak irmo segitzen du, baina, eta Eusko Txokoa euskal sukaldaritzaren erreferentea ez ezik euskal kulturaren erreferentea ere bada eskualdean. “Hasieran herriko euskal jatorrizko jendea bisitatu genuen taldean sartzeko proposatzeko… baina egia esan herria txikia da eta ia ia guztiak gure familiakoak ziren. Horregatik bihurtu zen gurea proiektu familiarra”, azaldu du Elorriagak.

Hala ere, Euskal etxeko lagunek segitzen dute euren burua Argentinako euskal komunitateari irekitzeko asmoarekin Armstrong-eko eta prest daude bisitak eta aholkuak jasotzeko. “Gustatuko litzaiguke gainerako euskal etxeekin harremanak eukitzea, baina apur bat urrun gaude eta ez dakigu oso ondo nola mugitu. Facebook-en Eusko Txokoa (centro vasco) izenpean gaude, eta gonbitea luzatzen diegu gurekin kontaktatu nahi duten guztiei gurera etortzera”.

Eusko Txokoa itsaskiak euskal erara dastatzeko leku egokiena da Armstrong-en. Jatetxea herriko Bell Ville kaleko 1672. zenbakian dago kokatuta.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia