euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Armstrong-eko Gizataldeen Azokaren 25. edizioan parte hartu ondoren bere 20. urteurrena ospatu du bertako Eusko Txokoak

2016/10/28

Eusko Txokoa-ko lagunek Euskal Etxe eta jatetxearen 20. urteurrena ospatu zuten urriaren 22an (argazkia EE)
Eusko Txokoa-ko lagunek Euskal Etxe eta jatetxearen 20. urteurrena ospatu zuten urriaren 22an (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Bertako bi ekintza garrantzitsuren protagonista izan da Santa Fe probintzia argentinarreko Armstrong herriko Eusko Txokoa azken asteotan. Batetik, sukaldaritza standa eta euskal dantzak aurkeztu zituen Gizataldeen Azokan, jaiaren 25. edizioan, euskaldunen ordezkari. Bestetik, jatetxeak bere 20. urteurrena ospatu zuen; bi festetan Euskel Biotza Euskal Etxeko dantzariak arduratu ziren euskal dantzez.

Armstrong, Argentina. Norberto eta Alicia Elorriaga buru, 20 urte bete ditu Armstrong herriko Eusko Txokoak eta elorriagatarrek urriaren 22an ospatu zuten ehundik gora pertsonentzako afari batekin. Jai berezi honetako menua txibierroak eta paella izan ziren, “etxeko berezitasunak” Eusko Txokoaren arduradunen esanetan, eta afalostean bildutakoek euskal dantza ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten, Roldan hiriko Indarra Dantza Taldeari esker.

Cable Imagen Armstrong izeneko kateari emandako elkarrizketa batean, Elorriaga senar-emazteek Eusko Txokoaren historia errepasatu zuten eta pasadizo ugari gogoratu: “Hasieran janari salmenta bat antolatu genuen eta geroago lokal txiki bat ireki genuen. Denboraren poderioz eta lortutako arrakastak bultzaturik –hogei urte hauetan aretoa beteta izan dugu beti– lokala handitu genuen. Herrian ez ezik, eskualde osoan da ezaguna gure jatetxea. Betidanik izan gara Gure Txokoa, baina jendeak ‘lo del vasquito’ esaten digu”.

Urteurren jaian 140 lagun bildu ziren, “Lagunak, ahaideak eta Eusko Txokoarekin lagundu diguten guztiak. Oso topaketa hunkigarria izan zen” adierazi dio EuskalKultura.com-i Noeliak, Elorriaga familiaren izenean.

Gizataldeen Azoka

Harreman estua dago Eusko Txokoa eta herriko Gizataldeen Azokaren artean. Izan ere, eta Norbeto Elorriagak buletin honi jakinarazi dionez, azokan bertan jaio zen jatetxea sortzeko ideia. “Herriko Gizataldeen Azoka antolatzen hasi ginenean, neu ospakizunaren batzordean nengoen, eta familiarekin proposamen gastronomiko batekin hartu genuen parte, lehenengo edizioan. Proposamena arrakastatsua izan zen eta lagunek konbentzitu gintuzten euskal jatetxea irekitzeko. Hala egin genuen eta horrela sortu zen gure Eusko Txokoa euskal jatetxea eta honen inguruan euskal etxea”, azaldu digu Elorriagak.

Euskal Etxeak Azokarekiko duen engaiamendua adierazteko, urtero hartzen du parte Elorriaga familiak jaialdian. Aurtengo edizioari dagokionez, sari bat eman zien erakunde antolatzaileak --262. zenbakiko Eskolak-- euskal gizataldearen ordezkariei “25 urtez jarraian jaialdiko parte izateagatik”. Azoka urriaren 9an izan zen, 15 kolektibitate partaide. Euskal Etxeak Euskal Herriko plater tipikoak eskaini zituen standean eta dantza erakusketa aurkeztu zuen, Roldango Euskel Biotza Euskal Etxeko dantzarien eskutik. “Roldango dantzariak 1992an, Azokaren lehenengo edizioan ere lagun eta partaide izan genituen. Aurten, EuskalKultura.com-ek argitaratutako artikuluari esker berriro jarri gara kontaktuan eta plazer handiz gonbidatu ditugu. Oso jai polita izan zen”, adierazi dute Eusko Txokoa-ko kideek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia