euskal diaspora eta kultura
2009/06/09
PUBLIZITATEA
Cordoba, Argentina. Armeniar Gizataldeko kideak, Irlandar Elkarteko eta Casal Catalá-ko kideak bildu ziren joan den ostiralean Euskal Etxeak antolatutako Hizkuntza Gutxituen II. Topaketara. Gure Txokoa-n eginiko batzarrean, Carolina Aguerrido Euskal Etxeko Euskara saileko partaidea aritu zen aurkezle lanetan. Bere hitzetan, hizkuntzaren garrantzia oso handia da komunitate bateko kulturaren garapen eta iraupenean eta horregatik behar da zaindu. Azpimarratu zuen, egun 2000 hizkuntza daudela munduan desagertzeko arriskuan eta horregatik, funtsezkoa dela egoera berean dauden kulturen arteko elkarlana, egoerari amankomunei elkarrekin aurre egin ahal izateko.
[Hizkuntza Gutxituen II. Topaketan Carolina Aguerrido aurkezpen lanetan]
Hitzaldi sorta, Armeniar komunitateko Lucas Kusikian irakasleak hasi zuen, armenieraren testuingurua eta hizkuntzaren ezaugarri eta arazoak azalduz. Ondoren, Marka Farrois eta José María del Moral, katalanaren historiaz eta egoeraz mintzatu ziren, hizkuntzak Katalunian duen estatus administratiboa ezagutaraziz, eta mintzatzen den eremu guztiak azalduz.
Katalanaren atzetik, irlandera mintzagai Paul Nervinen ahotan. Honek Ipar Irlandako borroka politiko-kulturalean oinarritu zuen bere hizketaldia.
Eta euskara
Hizlarien artean laugarrena izan zen Elba Mocoroa. Berak euskararen inguruan hitz egin zuen. Hizkuntzaren hastapenak eta egungo egoera hausnartu zituen. XX. mendeko euskal literatura ere aipatu zuen Cordobako euskal etxean euskara irakasle den Mocoroak.
[Elba Mocoroa euskararen inguruan hitz egiten]
Hitzaldiak amaitzean, entzuleen txanda etorri zen. Hauek beren zalantza eta galderak botatzeko aukera izan zuten. Aipatzekoa da, publikoaren artean, Villa Mercedesko Euskal Etxeko lehendakaria Liliana Rouan bertan izan zen, Julio Esnaola eta Juan Esnaolarekin batera.
Hitzaldien ondoren, musika
Hitzaldiak eta solasaldia amaituta, 'Baietz' musika taldeak kontzertua eskaini zuen. Bertan zeuden komunitateen ohoretan, armenieraz, katalanez, gaelikoz eta euskaraz abestu zituzten piezak, entzuleen gozamenerako. Emanaldiaren ondoren, 'Totx' dantza taldeak Fandangoa eta Polea dantzatu zuen.
['Baietz' musika taldearen kontzertua topaketaren amaieran]
Bildutakoen artean, topaketa honen antzeko ekintza gehiago antolatzeko asmoa azaldu zen. Gure Txokoako antolatzaileek Euskalkultura.com-i esan diotenez, oso pozik geratu dira topaketak Cordoban izan duen oihartzun eta harrerarekin. Euskal Etxekoek aurrerantzean ere, euskara eta euskal kultura ezagutzera emateko ekintzekin jarraitzeko asmoa dute, eta Córdoban bizi diren beste komunitate eta kulturekin elkarlana sustatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus