euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arkaitz Mendoza, pianojolea: 'Etxean bezala sentitu naiz hilabeteko bira honetan Argentinan eta Uruguain barrena'

2007/10/09

Arkaitz Mendoza donostiarra  Argentina eta Uruguain barna eskaini duen kontzertuetako batean
Arkaitz Mendoza donostiarra Argentina eta Uruguain barna eskaini duen kontzertuetako batean

PUBLIZITATEA

Arkaitz Mendoza pianojole donostiarrak Rosarioko Euskal Astean egin duen emanaldiarekin bukatu du Argentina eta Uruguain barrena egin duen bira. Kontzertuaren ostean Mendoza, Rosarion bildutako euskal argentinarrekin batu zen, Euskal Asteko giroan murgilduz. Atzean gelditu dira hamaika euskal etxeetan emandako kontzertuak. Musikari gazteak abentura honen oroitzapen ezinhobea gordeko duela onartu du eta datozen urteetarako euskal Diasporan bira berriak egin nahi dituela pentsatzen hasia da jada.
Sabrina Otegi/Rosario, Argentina. EuskalKultura.com-ekin solasean, pianojole gipuzkoarrak musikari ibilbidea ia kointzidentziaz hasi zuela onartzen du, bederatzi urte zituela ikastolan solfeoa ikasten hasi baitzen. Urtebete geroago, instrumentu bat aukeratzeko unea heldu zenean berak argi izan zuen: pianoa. 'Sarritan galdetzen didate musikari familia batetik ote natorren, baina ez da horrela. Aitari musika gustatzen zaio, baina zaletu bezala', azaltzen du Mendozak.

Orain, 24 urterekin, ibilbide sendoa egiten ari da pianojolea. Bere bidean pauso garrantzitsu bat da aurten Diasporan egin duen bira. 'Nik Diasporaren irudi bat nuen, euskal kulturaren inguruko sentipenak batzen duen jende multzoa bezala, baina hemen aurkitu dudanak harritu egin nau. Hona etorri eta zenbat euskal etxe dauden ikusteak, euren antolakuntza eta harremanak ezagutzeak... interesa piztu dit. Hemen euskal kulturarekiko sortzen den harremana, batzuetan soilik abizen bategatik edo arbaso bategatik, zaila litzateke hau guztia Euskal Herrian irudikatzea'.

Moldea hautsi

Eusko Jaurlaritzak bira kulturaletarako ematen dituen laguntzen bidez antolatu du Mendozak Amerika hegoaldeko lurralde hau ezagutzeko bira. 'Deialdiaren berri izan nuenean aurkeztea erabaki nuen eta Argentina denez euskal etxe gehien dituen herria, hona etortzea pentsatu nuen', azaltzen du musikariak. 'Eskerrak eman behar dizkiot Joseba Etxarriri, berak asko lagundu ninduelako bira prestatu eta antolatzerakoan'.

Gazte gipuzkoarraren lankidetza eskariak erantzun positiboa izan zuen Jaurlaritzaren aldetik, baina hala ere zalantzak ez zitzaizkion falta bidaia hasterakoan. 'Orokorrean laguntza hauetara aurkezten diren proiektuak kutsu folklorikoagoa daukate. Dantzariak edo trikitixa estiloko musikariak datoz. Nire kontzertuek molde hori hautsi egin dute eta hori jendearen erantzunean nabaritu dut: beti izan da positiboa, nahiz eta batzuetan nola erantzun ez zekitela gelditu izan diren. Ez da ohikoa Euskal Herritik norbait musika klasikoa jotzera etortzea. Nire ustez esperientzia honek ate berria ireki du eta etorkizunean horrelako kontzertu gehiago egotea espero dut'.

Kontzertu sorta arrakastatsua

Honakoa hasieran zalantzak sortu zizkion esperientzia berria izan bada ere, esan beharra dago Arkaitz Mendozaren emanaldiak arrakastatsuak izan direla oso. Buenos Airesetik hasita --Euskaltzaleaken eta Laurak Baten emanaldiak egin zituen--. Las Flores, Azul, Chivilcoy, Montevideo, San Nicolás, Paraná, Resistencia eta Rosarioraino, entzuleek txalo zaparradaz saritu dute kontzertu bakoitzaren ostean. Agian hunkigarrienetako bat Resistenciako kontzertua izan zitzaion, intendenteak '2007ko ohorezko artista' gisa izendatu baitzuen.

[Goiko irudian Arkaitz Mendoza Las Floreseko 'Loretako Euskaldunak' Euskal Etxeko lehendakari eta dantzariekin (argazkia Loretako Euskaldunak)]

Musika klaseak Chivilcoy-n

Donostiako Musika Eskolako irakaslea ere bada Mendoza eta, izan ere, Chivilcoyko euskal etxean musika klase bat emateko aukera izan zuen. Ikastaro honetan Chivilcoy bertako musikariekin hitz egiteko parada izan zuen. 'Tokian tokiko musikariak aurkitzea eta beraiekin hitz egitea asko gustatu zait. Nik euskal musikako partiturak eman dizkiet eta beraiek niri musika argentinarra pasatu didate. Aberasgarria izan da denontzako. Resistencian, gainera, eman nuen kontzertuan bertako musika eskolarako dirua bildu zuten. Egoitzarik ez dute eta kontzertura jende asko etorri zen eta diru dexente bildu genuen'.

Euskal etxeak ezagutu eta autobusez-eta milaka kilometro egin ostean Andoainen jaiotako pianojoleak telefonoz eta e-mailez betetako agenda osatu du. Bere asmoa bidaian ezagutu duen jendearekin harremanetan jarraitzea eta esperientzia etorkizunean errepikatzea da. 'Bira honek muga bat izan du, denbora, eta toki asko gelditu zaizkit ezagutzeko. Hurrengo bira batean Montevideora etor ninteke, antzoki handiago batean jotzeko eskatu baitidate jada. Gero Argentinako Hegoaldera joan ninteke... baina, noski', gehitzen du irrifartsu, 'aurtengobira errepikatzea ere nahiko nuke'.

Etorkizunerako apustua

Ondorioak ateratzeko orduan, Arkaitzek aitzindari lana egin duela uste du. Hasieratik zekien bidaia apustua zela eta orain apustuaren emaitza positiboaz ari da gozatzen. Baina egunotan Argentinan bizi izan dituen mila emozioen artean garrantzitsuenetakoa 'etxean bezala' sentitu izana da. 'Zuetariko bat bezala sentitu naiz', laburbiltzen du Mendozak, 'oso gustura egon naiz eta asko hunkitu nau etxetik 10.000 kilometrotara euskal musika jo eta entzuleek hain sakon sentitzen dutela ikusteak eta entzuleetako batzuk piezok abestea, kasu batzuetan negarmalkotaraino'.


Lotura interesgarriak

Rosario, Diasporako hiriburu asteburuan
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 8an

Arkaitz Mendoza pianojolearen bira Argentinan eta Uruguaien
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia