euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arkaitz Mendoza pianistak Buenos Airesko Euskaltzaleak-en eman du bere itzuli amerikarreko lehen kontzertua

2007/09/17

Arkatz Mendoza Eusketxeko kontzertuan
Arkatz Mendoza Eusketxeko kontzertuan

PUBLIZITATEA

Pianojole gipuzkoarrak joan den larunbatean Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkartearen egoitzan eskaini zuen Argentina-Uruguain barrena ia hilabetez egingo duen birako lehenengo kontzertua, arrakastaz eta kontent topatu zuen giroagatik. Hamar bat lekutan eskainiko ditu egunoatan kontzertuak, Rosarioko Euskal Astean amaituz, urria hasieran, beti ere Aita Donostia, Ginastera eta Chopin eta Liszt-en piezak eskainiz. Larunbatean estreinatu zuen birako programa, México 1880 kaleko euskal egoitzan.
Arkaitz Mendozak larunbatean eman zion hasiera Buenos Airesen Europatik kanpo egiten ari den lehenengo bira honi. Estreinua hiriburu porteñoko México 1880ko euskal egoitzan gauzatu zuen, Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkartearen eskutik. Gaueko bederatziak jo baino minutu batzuk lehenago, Maria Elena Etcheverry euskal argentinar medikuak hartu zuen hitza, kontzertu-emailea aurkeztuz eta garrantzia emanez Mendoza bezalako musikari gazte eta aldi berean trebe eta eskarmentudunak Aita Donostiaren 'Preludioak' gaur egun eta Euskaltzaleak-eko entzulego baten aurrian jotzeari.

[Arkaitz Mendozaren lehenengo kontzertua, hasi berria duen Argentina eta Uruguaiko biran, Buenos Aireseko México 1880ko euskal egoitzan (arg. EuskalKultura.com)]

Bere aldetik, Mendozak, EuskalKultura.com-ekin eginiko solasean, nabarmendu zuen obra hauek aukeratu izanak iaz aita Donostiaren heriotzaren berrogeita hamar urteurrena betetzearekin harremanik izan duela, batetik, eta, bestetik, 'pianorako idatzitako euskal preludioak euskal musikaren baitan idatzi izan den obrarik garrantzitsuenak' direla pentsatzeak.

Bidaia nostalgikoa

Emanaldia bukatuta, eta publikoak eskatutako bis-ak atzean utzi ostean, Euskaltzaleak-eko lehendakaria den Teresa de Zavaletak esker oneko hitzak eskaini zituen pianojolearekiko eta bertaratutako jendearekiko, ez baitira ekitaldi guztietan kontzertu honek bildu zituen hirurogei pertsona lortzen. Publikoaren baitan sentitzen zen hunkipena aipatu zuen, eta esan zuen pianojolearen doinuek XIX. mendeko landa-eremuko Euskal Herriko irudiak ekarri zizkietela han zirenetako askori, euren arbasoak Ameriketara etortzeko utzitako eremuetako irudiak hain zuzen.

[Pianojole andoaindarra, Teresa de Zavaleta, bere eskuinean, eta Maria Elena Etcheverry, bere ezkerrean (arg. EuskalKultura.com)]

Izan ere, sortu zen giro hunkitu eta atxikiak Mendozaren harridura sortu zuen: 'Jendearen hunkipenak estonatu nau gehienbat, ikusteak euskal musika honek zerbait berezia esna arazten duela euren barruan, euren arbasoen irudiak eta familiaren oroitzapenak ekarriz. Oso ondo atera da kontzertua, oso kontentu nago eta birarekin segitu eta toki berrietara abiatzeko irrikaz', adierazi zuen musikariak.


Lotura interesgarriak

Euskaltzaleak elkarte porteñoaren webgunea
www.euskaltzaleak.org.ar

Arkaitz Mendoza-ren webgunea (eguneratzeke)
http://arkaitzmendoza.galeon.com-en


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia