euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arizonako Flagstaff-en kanpaina batek estatuko euskal kantxa historiko bakarra salbatu ta zaharberritu nahi luke

2008/05/12

Flagstaff-eko euskal pilotalekuak agertzen duen egoera larria (argazkia EuskalKultura.com)
Flagstaff-eko euskal pilotalekuak agertzen duen egoera larria (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Flagstaffeko euskal ostatua 1926ean eraiki zuen Jesus Garciak eta, euskal ostatuetan askotan bezala, kantxa erantsi zion. Inguruetako euskaldunen etxe izan zen hura, urtetan, baina egun bi eraikinak hondatuak eta, kantxaren kasuan, ia erortzear dago. Flagstaffekoa Mendebalde amerikarrean gelditzen den dozenerdi bat pasexe kantxetako bat da, eta Arizonan estatuko bakarra. Orain, Flagstaffeko herritar talde batek kanpaina jarri du abian eraikina salbatzeko. Milioi bat dolar beharko liratekeela diote eta helburu horrekin NABOrengana jo eta euskalamerikar aberatsen baten bila ari dira.
Jesus Garcia izan zen etxearen lehenengo jabea eta Arizonako euskal emigrante eta artzainentzako ostatua bihurtu zuen, inguruan euskaldunik bazegoen garaian. Flagstaffek ezagutu izan du populazio euskaldunik, baina horiek joan diren istorioak dira. Jesusen biloba Olga Esparzak gogoan ditu oraindik uztailaren 4ean --jai handia, Independentziarena, Estatu Batuetan-- ostatuan egiten ziren festa handiak: gazteek pilota partidak jolasten zituzten frontoian, jendeak dantza egiten zuen, euskal jakiak zerbitzatzen zituzten... Arizonako Yuma Sun egunkariari adierazten zion 'oroitzapen asko' dituela 'etxe honetan', 'baina ez nik bakarrik, inguruetako askok ere bai. Orain ez da euskaldun askorik gelditzen Flagstaffen, ezta Arizona osoan ere', azaltzen du Esparzak.

[Euskal ostatu izandako eraikinaren itxura. Bere ondoan eraiki zuten euskal emigranteei ordu goxoak pasa arazi zien esku pilota kantxa (arg. EuskalKultura.com)]

[Pilotalekua euskal ostatu ohiaren alboan, atzeko aldean kokatzen da, Flasgtaffeko San Francisco eta Cottage kaleen gurutzean (arg. EuskalKultura.com)]

Gaur egun ostatua zein frontoia erabat hondatuta daude, eta kantxa hain zuzen, erortzeko zorian. Frontoia, Ameriketako mendebaldean zutik gelditzen diren azken dozena pasexetako bat da, baina hamabi metrotako hiru pareta hauek berehalako konponketa baten premia bizia dute. Flagstaff herriko ordezkariek eta eraikinen egungo jabeek argi dute ostatua eta frontoia salbatzea merezi duela, baina nola salbatu da arazoa. Sarri gertatzen den legez, dirua da gakoa.

Milioi bat dolar

Patty Lutrell-ek duela lau bat urte erosi zuen frontoia eta Yuma Sun-ari esandakoaren arabera milioi bat dolar behar da eraikina atontzeko. Berak halako dirutzarik ez duela dio eta prest agertu da frontoia saltzeko, berau salbatzeko konpromisoa hartzen duen edonori. Ostatua, aldiz, Phoenixeko elkarte batena da, baina hauek ere zainduko duen norbaiti saltzeko asmoa agertu omen dute. [eskuinean, kantxaren ikuspegia atzealdetik (arg. EuskalKultura.com)]

Arizonako Artapen Historikoko arduradun James Garrisonek, bere erakundeak frontoia salbatu nahi duenari babesa emango diotela azaldu du. 'Desagertzeko zorian daude frontoiak. Hau joanez gero, akabo'. Bere lankide Karl Eberhard arkitektuaren ustetan, atontze lan handia behar dute bi eraikinok. Eberhardek arrisku handian daudela dio, izan ere nahiz eta komunitatea eraikinak salbatzearen aldeko izan, ez daukate babes publikorik eta jabeek botatzea erabakiz gero udalak ezingo luke ezer egin.

[Oro har jabegoak eta bereziki kantxak daukaten utzikeria egoera argi erakusten du argazkiak. Kantxa eskualdean hain ugaria den harri mota gorrixkez egina dago (arg. EuskalKultura.com)]

[Frontoia albo batetik so, ostatu zen eraikinaren atzeko atea ezkerrean ikusten dela (arg. EuskalKultura.com)]

Euskaldunen historia pusketa bat Mendebaldean

John Bieter historialaria, Boiseko Estatu Unibertsitateko Basque Studies Center-eko zuzendaria da eta euskal ostatu eta frontoi historiko hauek zaintzearen garrantzia azpimarratzen du. Boisen, gogora ekartzen duenez, esku pribatuetan zegoen antzeko pilotaleku bat komunitatearentzat berreskuratu ahal izan zuten. 'Ameriketako Mendebaldearen historian garrantzia izan duen inmigrante talde hau ezagutzeko lehio ireki bat da', azaltzen du.

Bere alde batetik, euskal Diasporan espezialdutako Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariak dioenez, Flagstaffeko kantxaren egoera larria da, bai, eta hala salatu izan du berak ere hainbat aldiz azkeneko urteotan. 'Denbora asko da oinarrizko mantenimendu minimorik gabe etengabeko hondatze prozesu bati ekin ziola eta pixkanaka harriak galtzen eta egitura ahultzen joan da, eta edozein unean erori eta gal daiteke betiko', dio. 'Garai batean bertan bizi ziren euskaldunak hilak edo joanak dira eta egun, herritar ez-euskaldun talde bat hasi da eraikinaren geroaz arduratzen. Garaiz geundeke oraindik NABOk eta Eusko Jaurlaritzak, bateginik Arizona bertako eta laguntza federalarekin, planteamendu babesle bat abiarazteko, nahiz eta erraza ez den, hori badakigu', aitortzen du Etxarrik.


Lotura interesgarriak

Testuan aipatua den artikulu originala, ingelesez
The Yuma Sun egunkariaren webgunean

Elkoko Star: AEBetako euskal ostatu ezagunenetakoa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko urtarrilaren 3an

AEBetako euskal ostatuen historia, Jeri Echeverriak idatzia
Home Away from Home: A History of Basque boarding houses


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia