Hainbat izenen jatorria ez dago argi Estatu Batuetan. Arizonaren kasuan, hainbat urtez Pima hizkuntzako ali shonak-ekin ('iturri txikiaren tokia') lotu izan dute batzuk; beste batzuk arizuma hitz aztekarekin ('zilar tokia'), eta hirugarren batzuk, espainolezko árida zona-rekin (eremu idorra). 1979an, ostera, Renoko Unibertsitateko William A. Douglass ikertzaileak euskal jatorria izan zezakeela idatzi zuen, eta aritz + ona-tik etor zitekeela esan. Gauza frogatua da, nonbait, estatuak, izena, jabe euskalduna zeukan Arizona izeneko arrantxu batetik hartu zuela, eta gaur egun, gainerako teoriak hein batean baztertuak daudenez, euskal jatorriarena gelditu dela. Egun, estatuaren izenaren euskal jatorriaren alde idazten ari dira Arizona bertako historialarietako batzuk.