Buenos Aires, Argentina. Pixkanaka urtean barneratzen goaz eta Argentinako euskal etxeak urteko euren egitaraua osatzen doaz, bakoitzak bere herri mailako ekitaldiei begira baina baita herrialde mailako hitzordu eta elkarretaratze handiei dagokienez ere. Eta ez bakarrik festetara publiko gisa bertaratzeko, baizik eta ekitaldietako protagonista eta komunitatearen aurrean agertuko den euskal gizataldearen irudiaren parte izateko.
Jai hauetako batzuen data konfirmatuta dago jadanik –BAC izan da azkena, ondarreko orduetan– eta EuskalKultura.eus-etik zabaldu eta gure irakurleekin konpartitu nahi izan ditugu beraiek ere euren agendak eta partaidetzak antolatu ahal izan ditaten, kontuan izanik, gainera, kasu askotan kilometro asko egin behar izaten direla festaguneetara iristeko.
Hauek dira 2020ko hiru euskal hitzordu nagusiak Argentinan, hurrenkera kronologikoan:
-Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak Aberri Eguna dela eta antolatzen duen Dantzari Topaketa apirilaren 18an eta 19an izango da.
-Buenos Airesko Euskal Herria ospagai-Buenos Aires Celebra al País Vasco jaialdia, berriz, maiatzaren 10ean izango da, igandea, eguerditik aurrera, hiriburuko Mayo Etorbidean.
-Euskal Aste Nazionala La Pampako Macachin herrira itzuliko da aurten eta azaroaren 16tik 23ra izango da. Euskal Etxe antolatzaileak erabaki du astelehenera luzatzea jai eguna delako 23a Argentinan eta horrek denbora gehiago ematen die batez ere urrunagotik datozenei. Ekintza nagusiak, ohi bezala, asteburuan egingo dira.