euskal diaspora eta kultura
2011/05/31
PUBLIZITATEA
Reyes Ilintxeta/Argia. [Jatorrizko artikulua, hemen]
-Zerk eraman zaitu euskaldunen emigrazioa ikertzera?
Maîtrise bat historian hasiko nuela (Master lehen urtea gaur egun), ikerketa gai bat bilatzen nuen. Gai honek euskaldunekin zerikusia ukanen zuela segur nintzen. Horrez gain, 20 urte nituen orduan eta munduaren deskubritzeko garra azkar nuen. Ondorioz, Paueko irakasle batek “euskal emigrazioa Argentinara” aztertzea aipatu zidalarik, gai honek berehala interesatu ninduen. Baina baldintza bat inposatzen nion ene buruari: ikerketa gai horrek Euskal Herritik kanpo eraman behar ninduela –beste zerbaiten ikusteko behar handia sentitzen bainuen orduan–. Sentimendu hori ez da erraz esplikatzea baina ttipidanik bidaiatzeko eta gauza berrien ezagutzeko gose hori izan dut. Ikerketa gai posible hori ene familiakoekin aipatu eta, ene familiaren –beste familia euskaldun gehienak bezala– historiaren parte inportanta zela ohartu nintzen. Ene arra attatta adibidez baxenabartarra zen, Jutsikoa, eta zazpi urtez artzain egon zen Kalifornia hegoaldean eta bere anaia zenbait han geratu ziren. Ene buruari galdetu nion: emigrazio fenomeno hori Euskal Herriko historian hain kapitulu garrantzitsua izan bada, zergatik ez dugu gehiago aipatzen? Duela hamar urte, Iparraldean behintzat, gai hori ez zen hainbest-e aitzina emana gizartean, gaur egun den bezala. Urteekin, ene interesa gai honendako emendatuz joan da.
Maîtrise urtean egin beharreko ikerketa gaia aldatu zen eta Paris hiriko euskal emigrazioa ikertzea erabaki nuen, Pariseko Eskual Etxearen historian zentratuz gehienbat. Ez nintzen azkenean hain urrun joan, baina ez zen hain gaizki hasteko, Xiberotik partitzen zen neska gazte batentzat! Lan horren emaitza ene lehen liburua izan zen, frantsesez idatzi nuena. Ikerketa eramaten nuen ber, konturatu nintzen nortasunaren gaia interesgarria bezain konplexua zela. Urte hura biziki garrantzitsua izan da ene bizian beste arrazoi batengatik ere: hor baita lehentze euskal mundua ireki ene begien aitzinean. Munduan barna berrehun bat euskal elkarte pasa bazirela ohartu nintzenean, ene interesa horra buruz joanen zela hurrengo urteetan argi nuen. 2003ko udan, Eusko Jaurlaritzak lau urtero antolaturiko Munduko Euskal Gizataldeen Kongresuan parte hartu nuen eta han, hainbat jende interesgarriren artean, Renoko Euskal Ikerguneko (Center for Basque Studies) ordezkariak ezagutu nituen eta urte bat berantago (2004ko agorrilan) Estatu Batuetako bidea hartzen nuen hango doktorego programa integratzera. Honen ondorio da nire bigarren liburua, The North American Basque Organizations, 2007an agertua. Eta egundaino ez dut zangoa Argentinan pausatu... Uda honetan beharbada...
-AEBetako gaurko euskaldunei so. Nolako etorkizuna, zure ustez?
Emigrazioaren inguruko ikerlana egiteko komunitate ezberdinak hautatu nituen barnean dagoen jendea ezberdina delako, Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorri baitira. Adibidez, Renon Hegoaldeko eta Iparraldeko jendea, Kalifornian Iparraldekoak (baxenabartarrak) eta Boisen aldiz, bizkaitarrak.
Boisekoa, adibidez, biziki dinamikoa da ailegatu baitira gazteak erakartzen. Hala nola, haien dantza taldea ikaragarri handia da, ehunka gazte daude, ez bakarrik ttipiak, handiak baita ere.
Hori da beste komunitateetan ikusten ez den zerbait. Maiz haurrak txiki direlarik (6 urte) hasten dira dantzatzen baina 12–13 urtetara iristean aktibitate hori uzten dute beste batzuetara murgilduz (futbola, beisbola…).
Aldiz, unibertsitatea bukatuta eta haurrak ukaiten hasten direnean, nahi dute beraiek bizi izan dutena horien haurrek bizitzea, eta ondorioz berriz heldu dira euskal etxeetara. Hau oso positiboa da, odol gaztea ekartzen baitu.
Badira gazteak euskara etxean ikasi dutenak, baina ez dira anitz. Baina euskal elkarteak hasi dira euskara klaseak ematen, eta nork daki, egoera hau aldatu daiteke.
-Zu zeu ere, nolabait, etorkin sentitu al zara zure Renoko egonaldian?
2004ko agorrilatik 2009ko azarora Estatu Batuetan bizitu naiz, bost urte pasa hots. Han nintzela, mundu osoko jendea ezagutu dut, esperientzia berriak egin ditut, Estatu Batuek gordetzen duten hainbat marabilla bisitatu ditut eta beste hizkuntza bat ikasi dut, ingelesa. Baina ttipidanik segitzen ninduen gose hura nolazpait asetzen nuen denbora berean, ohartu gabe, pixka bat galtzen nintzen. Esplikatzen naiz... Nire lana aitzinatzen zen arau, urteak jin urteak joan, ikertzen nituen emazte eta gizonen buruhauste berdinen bizitzera ailegatu naiz: “immigrantearen sindromea” deitzen dutena. Haiek bezala, Estatu Batuetan nintzelarik, burua Euskal Herrian nuen eta bakantzaz etxera sartzen nintzelarik, zerbait faltan botatzen nuen. Nire tesian hain zehazki kontzeptualizatzen eta deskribatzen nuen nortasun transnazional hark gainditu ninduen! Ez nintzen etsit hango, ez eta hemengo. Ene bosgarren uda Estatu Batuetan pasatzen nuela, euskal festibal batean euskaldun batek galdegin zidan ene bizia han eginen nuenez. Nik berehala erantzun nion ezetz baina euskaldun hark irriño ttipi batekin eta trufa izpi bat doinuan erantzun zidan: “Bai Argitxu. Nik ere horren erraiten segitzen dut eta badu 40 urte hemen nintzela”. Erantzun horrek bonba baten efektua egin zidan eta anitz pentsarazi: “Ez banaiz orain sartzen, ez naiz sekula sartuko”.
-Agur Xiberoa... Mintza gaitezen zure sorlekuaz.
Xiberoa probintzia ttipiena da, bai lurraldez bai eta ere populazioz (13.500 biztanle). Frantses erran batek dioen bezala, “ttipiago, ederrago”. Baina zitazione hori probintzia horretan sortua eta hazia izan den norbaitengandik objektiboa ote da? Zuek duzue erranen...
Ekonomikoki, gaur egungo Euskal Herrian ene probintziak ez du pisu handirik. Baina bertan bizi direnen nahi azkarra Xiberoan bizitzeko eta Xiberoaren bizi arazteko aipagarria da. Anitz dira Xiberoan bizitzeko hautua egin dutenak eta lanera joateko Baionaraino edo Paueraino bidea egiten dutenak. Gizon eta emazte dinamikoak lanean ari dira Xiberoan enpleguaren mantentzeko eta berrien sortzeko. Egitura azkarrak ere gizarteak plantan eman ditu enpresa baten sortzean laguntzeko edo lurrik gabeko laborari baten instalatzen laguntzeko. Bizi kultural aberatsa ere ezagutzen du Xiberoak.
Etorkizunari begira, erronka askori erantzun beharko dio Xiberoak, izan enplegu berrien sortzeko, gazteen emigrazioaren ttipitzeko, laborantzaren mantentzeko eta abar. Geroari begira euskararen egoerak –eta kasu berezi horretan xiberotar euskalkiak– kezkatzen nau ere. Ikastoletan edo eskola elebidunetan aritzen diren haurren kopurua urtez urte emendatuz baldin badoa ere, kezkatua naiz: aurtengo maskaradaren osatzeko, euskara zekiten gazteen aurkitzeko zailtasunak ukan dituzte!
-Erromantizismo gehiegi Xiberoaz mintzatzean?
Xiberoa erromantizatua da, bai. Gaur egun Euskal Herriko gehiengoa osatzen duen hiritarrarentzat Xiberoa erakargarria da: berde-berdea da, mendi eta herrixkekin, laborantzaz bizi den jendea bada, Euskal Herriaren periferian kokatua da, ongi ezagutzen ez den –eta ondorioz ulertzeko zaila den– euskalki bat mintzatzen da. Ondorioz, asteburu pasa jiten den hiritar honek mendian itzuli bat egiten du eta instituzionalizatuak izan diren bi manifestaldi kultural handien kari Xiberora hurbiltzen da (pastorala eta maskarada). Baina xiberotarrek berek badute zerikusi handia erromantizismo horretan. Kantuen gaiek Xiberoa goraipatzen dute eta galdu nahi ez den bizimodu bat garatzen dute, doinuak ere malenkoniatsuak direlarik. Berriki sortu diren kantu anitzek ere irudi hori garatzen dute. Pastoraletara Xiberotik kanpoko jendea hurbilduko dela espero da eta azken urte hauetan gertatu izan da maskaradaren ematea hegoaldean ere. Xiberotarrek irudi erromantiko hori erabiltzen dute haien alde. -AEBetan euskalduntasuna adierazteko modu desberdinak aztertu dituzu. Zer da Euskal Herrian ikusten duzuna? Ontsa badakigu Hegoaldeko edo Iparraldeko gizartea ez dela homogeneoa. Bagara euskara ematen dugunak (gutien bat) eta ematen ez dutenak. Herrietan bizi garenak eta hirietan bizi direnak. Euskaldun sentitzen garenak eta euskaldun sentitzen ez direnak (etorkinak, frantsesak, espainolak). Nortasunaren bizitzeko maneran ere ezberdintasunak badira. Baten aipatzeko, Hegoaldeko historia politiko gogorraren ondorioz, jendea euskalduna da edo espainola da, ez da erdibiderik. Iparraldean aldiz, gehiengo batek bere burua euskaldun eta frantses definitzen du. -Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteek bizimodu, pentsamolde desberdinak dituzte? Hein batean Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteak desberdinak direla erran genezake. Nahi ala ez, egoera politiko ezberdinak ezagutzen ditugu, hezkuntza sistema ezberdin batean murgilduak izan gara, hizkuntza ezberdinek gure bizia inguratu dute, telebista programa ezberdinek gure haurtzaroa markatu dute –horrek ere eragiten baitu!–. Aipatu puntu horiek guziek, besteak beste, bizimodu eta pentsamolde ezberdin baten errealitatean eragiten dute. Baina ene iritziz ezberdintasun horiek ez dira oztopo bezala ikusi behar, aberastasun bezala baizik. Iparraldekoak Hegoaldekoekin biltzen garelarik, egia da badirela zenbait aldiz gaizki ulertze zenbait (euskalki batetik bestera, pentsamolde ezberdinak baititugu edo beste), baina azken finean batzen gaituena, euskaltasuna, ezberdintasun horiek baino azkarragoa da. Bistan dena ene ordez bere burua euskaldun definitzen ez zuen beste xiberotar bat Renora joan balitz, ez zen ni bezala Renoko unibertsitatean lanean edo ikasten ari ziren beste euskaldunez inguratuko (denak Hegoaldekoak), frantsesez baizik.
Xiberoa erromantizatua da, bai. Gaur egun Euskal Herriko gehiengoa osatzen duen hiritarrarentzat Xiberoa erakargarria da: berde-berdea da, mendi eta herrixkekin, laborantzaz bizi den jendea bada, Euskal Herriaren periferian kokatua da, ongi ezagutzen ez den –eta ondorioz ulertzeko zaila den– euskalki bat mintzatzen da. Ondorioz, asteburu pasa jiten den hiritar honek mendian itzuli bat egiten du eta instituzionalizatuak izan diren bi manifestaldi kultural handien kari Xiberora hurbiltzen da (pastorala eta maskarada). Baina xiberotarrek berek badute zerikusi handia erromantizismo horretan. Kantuen gaiek Xiberoa goraipatzen dute eta galdu nahi ez den bizimodu bat garatzen dute, doinuak ere malenkoniatsuak direlarik. Berriki sortu diren kantu anitzek ere irudi hori garatzen dute. Pastoraletara Xiberotik kanpoko jendea hurbilduko dela espero da eta azken urte hauetan gertatu izan da maskaradaren ematea hegoaldean ere. Xiberotarrek irudi erromantiko hori erabiltzen dute haien alde.
-AEBetan euskalduntasuna adierazteko modu desberdinak aztertu dituzu. Zer da Euskal Herrian ikusten duzuna?
Ontsa badakigu Hegoaldeko edo Iparraldeko gizartea ez dela homogeneoa. Bagara euskara ematen dugunak (gutien bat) eta ematen ez dutenak. Herrietan bizi garenak eta hirietan bizi direnak. Euskaldun sentitzen garenak eta euskaldun sentitzen ez direnak (etorkinak, frantsesak, espainolak). Nortasunaren bizitzeko maneran ere ezberdintasunak badira. Baten aipatzeko, Hegoaldeko historia politiko gogorraren ondorioz, jendea euskalduna da edo espainola da, ez da erdibiderik. Iparraldean aldiz, gehiengo batek bere burua euskaldun eta frantses definitzen du.
-Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteek bizimodu, pentsamolde desberdinak dituzte?
Hein batean Hegoaldeko eta Iparraldeko gazteak desberdinak direla erran genezake. Nahi ala ez, egoera politiko ezberdinak ezagutzen ditugu, hezkuntza sistema ezberdin batean murgilduak izan gara, hizkuntza ezberdinek gure bizia inguratu dute, telebista programa ezberdinek gure haurtzaroa markatu dute –horrek ere eragiten baitu!–. Aipatu puntu horiek guziek, besteak beste, bizimodu eta pentsamolde ezberdin baten errealitatean eragiten dute. Baina ene iritziz ezberdintasun horiek ez dira oztopo bezala ikusi behar, aberastasun bezala baizik. Iparraldekoak Hegoaldekoekin biltzen garelarik, egia da badirela zenbait aldiz gaizki ulertze zenbait (euskalki batetik bestera, pentsamolde ezberdinak baititugu edo beste), baina azken finean batzen gaituena, euskaltasuna, ezberdintasun horiek baino azkarragoa da. Bistan dena ene ordez bere burua euskaldun definitzen ez zuen beste xiberotar bat Renora joan balitz, ez zen ni bezala Renoko unibertsitatean lanean edo ikasten ari ziren beste euskaldunez inguratuko (denak Hegoaldekoak), frantsesez baizik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus