Aitziber Zapirain. Donibane Lohitzunen trenetik jaitsi, bidea gurutzatu eta hortxe duzu Martxuka ostatua, Adelaide Darraspe (Donibane Lohitzune, 1985) urruñarrak sortua. Quebecen bizi zela ezagutu zituen artisauen lanak saltzen zituzten kafetegi edota teteriak, eta hari horretatik tiraka hutsune bat betetzeko asmoz egin zuen apustua. Dena ongi zihoan, COVID-19a iritsi zen arte. Aurrera egitea lortu dute, eta negu beltzean dute jarria itxaropena. Txokolate beroaren bueltan edota brunch eder bat gozatuaz bertaratzera gonbidatu gaitu. Martxuka murtxikatzera.
Zer da Martxuka?
Ahizpak esaten zidan beste gisan bizitzeko gogoa zuela, aldaketa beharra sentitzen zuela, eta nik euskal artisautza saltzeko aukera ematen zuen kafetegi edota teteria bat sortzeko ideia bota nion. Ahizpari proposatu niona, neuk garatu nuen azkenean, kar, kar, kar! Oso proiektu ttikiarekin hasi nintzen Urruñan. Hutsune bat sumatu nuen eta betetzeko xedea otu zitzaidan. Tokiko produktu artisauak kontzienteki kontsumitzeak dakarren plazerra zer den erakutsi nahi nion jendeari.
Nondik ideia?
Asko bidaiatu dut. Besteak beste, zazpi urtez bizi izan nintzen Quebecen. Han horrelako gune asko ezagutu nituen. Oso erosoak, kuttunak. Izugarria zen halako leku batean orduak pasatzea irakurtzen, lanean, kafe bat hartzen… Euskal Herrira itzuli nintzenean, ez zegoen halakorik. Eta orain ere gutxi. Quebec hirian erosi nuen lehen aldiz eskuz eginiko kamiseta bat. Txartel bat zuen, egileak berak egina. Izenarekin, prezioarekin, erabilitako materialaren inguruko informazioarekin. Hura izan zen saltoki handietatik at erosi nuen lehen arropa. Inflexio puntu garrantzitsua izan zen niretzako erosketa hura, poliki-poliki kontzientzia hartzen hasi bainintzen eta gaur egun, esan dezaket, ez zaidala batere interesatzen ohiko arropa industria. Ez edukia bera, eta are gutxiago horren gibelenean dagoena. Beraz horrela sortu zen Martxuka.
Gaur egun Donibane Lohitzunen dago Martxuka, eta lokala lau aldiz handiagoa da.
Urruñako lokalean nengoela, langile bakarra nintzen eta dena nire gain zegoen. Astean sei egunez zabaltzen nuen eta libratzen nuen egunean erosketak egin behar izaten nituen. Gustura ari nintzen baina zerbait aldatu beharra nuela sentitzen nuen. Itxi ala garatu, hori nuen buruan. Aldaketarako aukera sortu zenean, apustua egitea erabaki nuen. Handiagoa da egungo lokala, honek ere denbora asko eskatzen dit, baina eramangarriagoa da niretzako, gainera orain taldean lan egiten dugu. Lau emakume ari gara lanean. Erronka handia izan zen niretzako Urruñako lokalean lortu genuen giro estetikoa mantentzea. Leku goxoa eraiki nahi nuen, jendearentzat kuttuna, une goxoak pasatzeko bakarka, lagunekin zein familian. Mahai, apal, aulki… ikusten den oro neuk diseinatua da eta familiarekin eraiki dut. Bakarrak dira, ez dago parekorik eta horrek ere ematen dio nortasun berezia proiektuari. Saltoki handietan erosi baino, aukera ukanez gero, nahiago dut neuk pentsatu eta egin.
Euskal Herriko artisauen lanen salmenta, jatetxe eta kafetegi eskaintzarekin osatzen duzue.
Jatetxe izaera Donibanen eskuratu genuen. Larunbatetan izan ezik, egunero eskaintzen dugu bazkaria eguerdian. Egunero aldatzen dugu menua eta laupabost plater ezberdin proposatzen ditugu. Hori dena antolatu eta pentsatzeak lan handia ematen du. Tokiko merkatari eta laborariei erosten dizkiegu produktuak. Oso erraza da gaur egun urrats hori ematea. Hautua egin behar da eta aurrera. Kalitateari begiratu behar diogu.
Igandeak dira gure egun izarrak. Eskaintzen ditugun brunchak ezagunak bilakatu dira eta oso pozik gaude horrekin. Giro polita sortzen da.
Tren geltoki aitzinean egoteak turistak erakar ditzake agian. Baina lortu duzue eguneroko bezeroak egitea?
Bai eta beharrik. Izan ere, turista batek zerbait puntuala hartuko du, trena edo autobusa etorri bitarte. Gainontzean hiri erdian sartuko dira, edota hondartzako edozein ostatutan. Ongi etorriak dira gurera, baina guk tokiko jendea etortzearen aldeko apustua egin dugu hasieratik. Hemen sartzen denak badaki zer babesten ari den.
Donibandarrek oso harrera ona egin diote egitasmoari. Urruñar asko ere etortzen da. Hendaiatik, Azkainetik ere ez dira eskas bezeroak. Beren sorkuntzak hemen salgai jartzen dituzten sortzaile gehienak ere lapurtarrak dira.
Artisauak aipaturik, azokak antolatu ohi dituzue igandero.
Urruñan ekin genion horri, eta hona heldu orduko udalarekin jarri ginen harremanetan, berdina egiteko aukerarik ote zegoen jakiteko. Bertan bazuten gure berri eta bidea erraztu ziguten Donibanen ere azokak antolatu ahal izateko. Hala, uztailaz geroztik igandero egun osoko merkatuak antolatzen ditugu hiri erdian.
Ordea, egoera ez da erraza COVID-19a tarteko.
Bai, oso zaila da. Betirako itxi beharko genuela pentsatu nuen une batez. Oroitzean, oraindik ere hunkitu egiten naiz. Berriz ireki beharra ere, baldintza gogor hauekin, ez zen erraza izan. Baina martxa hartu diogu. Itxialdi garaian ohartu nintzen jatetxe asko aurrez prestatutako janaria saltzen hasi zela. Hasiera batean ez nion zentzu askorik ikusten, ez baitzen premiazkoa. Baina egiten hasi nintzen eta horri esker alokairua ordaindu ahal izan dugu. Mailegua eskatu behar izan dugu, alokairua garestitu baitzigun jabeak.
Hemen lau emakumek egiten dugu lana. Giro onean, konfiantza handiarekin eta elkartasunez. Udazkena eta negua ongi joan daitezen lan egiteko apustua egin dugu lauok. Horrela ezean, ez dakit zenbat iraungo duen Martxukak. Baina tinko ari gara lanean eta lortuko dugula esango nuke.
Zer kontsumituko zenuke zuk Martxukan?
Nik tea, gazta tarta edota igandeetako bruncha. Aukerarik ez da eskas, kar kar kar!
Hegan, amildu gabe
Egonkortasuna bermatua ukateak ezinegona sortzen dio, eta artisten gisan, egoera berri zein ezberdinen aitzinean handitu egiten da. Denbora batez buruan landurikoa gauzatzeko ausardia izan ohi du. Noria batean bizitzearen sentsazioak erakartzen du. Martxuka espazioaz gain Erlaitz eskola alternatiboan, LarunKoop taldean, edota Eugène Green zine zuzendariaren
Atarrabi eta Mikelats filmean parte hartu du berriki lapurtarrak. Donostiako Zinemaldian estreinatu dute gainera. Lo noiz egiten duen galdeturik, “ez dakit” erantzun digu irribarrez. Hori ez baitzaio itzaltzen egoera zaila izanik ere.
(Argia astekarian argitara emandako elkarrizketa)
Argian egiten duten kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu? Egin Argiakoa