euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argia astekariaren Larrun monografikoak Diaspora eta euskal etxeen egoera eta etorkizuna aztertzen ditu

2008/02/26

Euskal etxeei buruzko monografikoaren azala
Euskal etxeei buruzko monografikoaren azala

PUBLIZITATEA

Argia euskal astekariak Larrun monografikoaren ale berria argitaratu du, Diaspora eta Euskal Etxeei buruzkoa. Argitalpenean Urko Apaolaza historialari eta kazetariak munduko euskal etxeen egoera eta etorkizuna aztertzen ditu, sei adituren laguntzaz --tartean Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendaria--, gaiaren inguruan bakoitzak bere hausnarketa eta esperientzia azaltzen dituela. Sarrera erreportaian Apaolazak euskal etxeei aldatzeko eta egungo garaietara egokitzeko ordua heldu zaiela dio, geroari eutsi nahi badiote.
Erreportaia honetan Urko Apaolazak euskal etxeen egoera eta etorkizunean izan ditzaketen erronkak aztertzen ditu. Bere aburuz, euskal etxeek elkarte folkloriko huts bihurtzeko arriskua dute, antzinako molde eta pentsakeratan ainguratuta. Historialari eta kazetariak aurrereneko euskal etxeen sorreraraino egiten du atzera azterketan --Hego Ameriketan sortu ziren lehen kofradiak, 1876ean Montevideon sortu zen Laurak Bat, honi jarraitu zioten La Habanako Laurak Bat eta Buenos Airesekoa...-- egungo egoeraraino heldu arte.

Gaur egun, Apaolazaren esanetan, euskal elkarte askok duela 50 urte zituzten nortasun zeinuez elikatzen jarraitzen dute. 'Nahikoa da haiek bisitatu edo batzuen webgunera jotzea nagusi diren jardueren berri jakiteko: dantzak, pilota, euskal jaialdiak, karta jokoa, gastronomia, ikastaroak... Arazoa al da hori?', galdetzen du ikertzaileak.

Gazteak erakarri beharra

Euskal Herriko euskaldunek ez dute Diaspora asko ezagutzen --nahiz eta hori konpontzeko ekimenak abian diran jada, Diaspora ikasketa EAEko kurrikulumean sartzea kasu-- baina bestaldetik ere atzerriko euskaldunek euskal errealitatearen irudi idealizatu bat dute, azaltzen du Apaolazak, nahiz eta internet eta komunikabideek hori konpontzeko aukera eman. Euskal etxeek ideologia politikoen gainetik eta ikuspuntu folkloriko hutsaz haratago egin behar dute lan, bere aburuz.

Gaur egun euskal etxeek 20.000 bazkide inguru biltzen dituzte, seguruenik munduko euskaldunen %10era ere iristen ez den kopuru xumea. Bazkideen adinaren bataz-bestekoa 45 urtekoa da eta euskal etxe gehienek gazteak erakartzeko arazoak dituztela aitortzen dute. Hortxe dago koxka, artikuluaren arabera, azken finean euskal etxeen erronka garai berrietara moldatu eta gazteei ateak irekitzean datza eta.

Diasporako adituen ekarpenak

Monografiakoa euskal kolektibitateekin arlo eta herrialde desberdinetan harremana duten sei adituren artikuluekin osatzen da: Diasporari buruzko Renon tesia egiten ari den Argitxu Camus historialari xuberotarra; Josu Legarreta, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria; Miel A. Elustondo idazle eta argazkilaria; Joseba Etxarri kazetari eta EuskalKultura.com-eko zuzendaria; Mariana Fernandez Ezker Abertzaleko Udalbiltzako arduraduna argentinan eta Buenos Aireseko Eusketxeko kidea; eta Gloria Totoricagüena, boisetarra, euskal Diasporan aditua.


Lotura interesgarriak

Euskal etxeak: Krisia eta erronka berriak
Urko Apaolaza historialari eta kazetaria egile

Estatu Batuetako euskal elkarteak: Geroari behako bat
Argitxu Camus, historialaria egile

Euskal Etxeak Munduan
Josu Legarreta, EJko Euskal Gizataldeekiko Harreman zuzendaria

Euskal Etxe bat Antxonentzat
Miel A. Elustondo, idazle eta argazkilaria

Aldatu, izaten segitzeko
Joseba Etxarri, EuskalKultura.com-eko zuzendaria

Euskal Etxeak Argentinan: Aldaketaren erronka
Mariana Fernández, Udalbiltza-Argentina burua eta Eusketxeko kide

Euskal nortasunak eta EEak: Nola izan behar duten, berritzearen pean
Gloria Totoricagüena, Diasporen azterketa konparatiboez espezialista

Euskaldunak Munduan
Euskal Gizataldeekin Harremanetarako Zuzendaritza


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia