euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinatik, FEVAk euskaldunen erabakimena aldarrikatzen duen Aberri Egun agiria plazaratu du

2012/04/08

PUBLIZITATEA

Argentinan, 106 euskal etxeren federazioa den FEVA erakundeak agiri bat plazaratu du 2012ko Aberri Eguna dela-eta, aurten 80 urte betetzen ari den ospakizun honi gainbegirada historikoa emanez eta, besteak beste, euskaldunen "euskaldun izateko eskubidea, hain xinplea eta hain sakona den zerbait" aldarrikatuz. "Euskal Herri handi, independente eta batua"ren alde agertu ondoren, FEVAren oharrak "herri bat gara, nazio bat gara" adierazten du, "erabakitzeko eskubidea daukagu" baitetsiz.

Buenos Aires, Argentina. Hona FEVAk argitara eman duen agiria, gure erredakzioan euskaratuta:

Bi gerrate karlisten ondoren, 1839 eta 1871ean, gure herria garaitua, pobretua eta noraezean egonik, Sabino Aranak ekarri zuen  berriro ere bizitzara Euskadi euskotarren aberria zela aldarrikatuz.

1932ko martxoaren 27an, Berpizkunde Igandez, ospatu zen Bilbon lehenengo Aberri Eguna, 60.000 herritar bildurik.

Testuinguru hartan, Berpizkunde dei hura metafora batetik haratago zihoan eta Euskal Herriko tontor guztierainoko oihartzuna izan zuen, bailara eta itsasoaldeetara hedatu zen, euskaldunen lurralde osoa estaliz eta lortuz urte gutxiren buruan autonomi-estatu bat erdiestea, geure Jaurlaritza sortzea eta izugarrikeria frankistei aurre egitea.

Eusko Jaurlaritza erbesteratzearekin, Aberri Eguna euskal guztiena bilakatu zen. Gaur egun abertzaleona baizik ez da eta ilusioz ospatzen dugu Euskal Herrian, Argentinan eta mundu osoan.

Laurogei urtez eta ikurrinaren babespean Aberri Egunak alaitasuna eta milaka euskaldunen gogo abertzalea eta euren "euskaldun izateko eskubidea", hain xinplea eta hain sakona den zerbait, aldarrikatu ditu etengabe.

Euskaldunek ikusi zutenetik elkartu, elkarri lagundu eta euren hizkuntza eta historia hobeto ezagutu beharra zutela, euskal etxeek eta FEVAk tinko eutsi diete euren printzipioei, batere desbideratu eta amore eman gabe. Euskal sinboloen defentsa eginbeharreko lan gisa hartu izan dute; euskal hizkuntza eta historia atxiki eta gure Argentina honetako bazter guztietara helaraztea, eguneroko zeregin; euskal jai-egunak ospatzea biltzeko eta bozkariorako aukera bihurtuta, batzuentzat atzean utzitako lurra, lagunen eta familia gogoan atxikitzeko, eta beste batzuentzat arbasoen gomuta ohoratzeko.

Xede gisa hartu dugu, Aberri Egunaren 80. urteurren hau aukera izan dadin, euskaldun izan nahi dugula bozkario handiz baiesteko eta Euskal Herri handi, independente eta batu bat nahi dugula adierazteko.

Hori ospatuko dugu, lortu duguna eta lortzeke duguna gogoan. Herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea duen nazio bat garela jakitun. Erabakiko dugula jakitun.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia