Ametsetako bidaia ez dago hain urrun Euskal Herria maite eta oraindik ezagutu ez duten edota berriro bisitatu nahi dutenentzat. Proposamena Arrecifeseko euskal etxeko erreferente den Mariana Domine Irigoyeren eskutik dator eta datorren urteko irailerako da. "Anima zaitez Euskal Herria ezagutzera, zure jakingura bera duten lagunekin" aldarrikatzen du bidaiatzeko eskaintzak.
Arrecifes, Argentina. “Helburua, Argentinako euskal gizataldeko lagunen neurrirako bidaia egitea izan da; hau da, Euskal Herria ezagutu gabe, euskal etxe baten inguruan dabiltzan eta euren guraso, aitona-amonen edo arbasoen lurrari buruzko hainbat istorio entzun dituzten pertsonentzako bidaia antolatzea”, azaldu du Estefania bere ahizparekin batera proiektua antolatzen ari den Mariana Dominek. Hau ez da, gainera, Domine ahizpen lehenengo esperientzia esparru honetan, beraz badakite zer dioten honakoa esaten dutenean: “Norberak bizi behar du bidaiatzeko esperientzia. Ezin da kontatu zer den… eta zure interesak eta zirrara ulertzen dituen jendearekin egiteak plus bat badauka”, azaldu dio Domine-k EuskalKultura.com-i.
Taldea Ezeiza Aireportutik aterako da, irailean, eta bi astez Euskal Herriko leku turistiko garrantzitsuenak eta baita kostaldeko zein barrualdeko herrixkak ere ezagutu ahal izango dituzte bidaiariek. Bira Bilbon hasiko da eta hortik honako leku hauek bisitatuko dira: Bilbo eta Bizkaiko kostaldea (Getxo, Portugaleteko zubia, Urdaibaiko erreserba, Gaztelugatxe, Gernika…); Donostia eta Gipuzkoako kostaldea (Getaria, Zarautz, Hondarribia…); Baiona, Biarritz, Donibane Garazi, Iruñea eta Gasteiz, batzuk aipatzearren. Aipagarria da txango guztiak bertako gida turistikoekin egingo direla eta otordu batzuetan Euskal Herriko bertako sukaldaritza eta ardoak dastatu ahal izango direla.
Prezioari dagokionez, hegazkin txartelak USD 2531 balio ditu eta egonaldiak EUR 3310 (4 izarreko hotelak, museoetako sarrerak, gama altuko autobusa bidaia osoan, hamaika bazkari eta bi afari barne). Bi zenbateko horiek Argentinako diruarekin ordaindu ahal izango dira, dolar eta euroen balio ofizialeko prezioan. Kuotetan ere finantziatuko dira, kreditu txartelekin. Egunez eguneko ibilbidea jakiteko, Mariana Domine-ri eskatu ahal zaio mdomine2002@hotmail.com helbidera. Interesa duten euskal etxeek antolatzaileekin harremanetan jar daitezke eta haiek bertaratuko dira euskal etxera hitzaldi informatiboa eskaintzera.