euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinarako emigrazioaz arduratzen diren Frantziako elkarteen bilera eratu du asteburuan Euskal Argentinak

2013/09/25

Euskal Argentina elkarteko aurreko urteetako bilera baten irudia (argazkia EuskalKultura.com)
Euskal Argentina elkarteko aurreko urteetako bilera baten irudia (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinarako emigrazioaz arduratzen diren Frantziako elkarteen bilkura antolatu du helduden asteburu honetan Euskal Argentina elkarteak. Euskal Herri Iparraldean egoitza duen elkarte honek honek deiturik, Ameriketarako emigrazioarekin zerikusia duten sei elkarte bilduko dira larunbat eta igandez Donibane Garazi eta Nafarroa Beherean, elkar hobeto ezagutu eta elkar laguntzeko. Bigarren aldiz egiten dira jardunaldiak, 2011ean Aveyron-en antolatu baitziren. "Pena dugu Hegoaldean ez baita gure pareko elkarterik eta biziki plazer genuke halako bat sor baledi" adierazi dio jardunaldion antolatzaile eta Euskal Argentinako lehendakari den Monika Legartok EuskalKultura.com-i.

Donibane Garazi, Nafarroa Beherea. Bilerak larunbatez egingo dira gehienbat eta igandea Donibane Garazi inguruko bazterrak bisitatzeko baliatuko da. Sei elkarte izango dira partaide: 

-Rouergue-Pigüé elkartea, Aveyron-etik (hein handi batean Argentinako Pigué herria Aveyron-etik joan ziren jendeek egin zuten eta hango biztanleak biziki atxikiak dira Aveyron-i
-Association Bigorre Argentine Uruguay (ABAU elkartea), Bigorre-etik
-AFAB elkartea, Biarnotik
-AME elkartea (Association pour la mémoire de l'émigration)
-Pirineo Atlantikoetako Genealogia elkartea
-Euskal Argentina

Ehun bat pertsona espero dira eta bilkuraren helburuak bakoitzak egiten dituen ekintzak aurkeztea eta oro har elkar ezagutu eta elkar laguntzea dira. "Behar da esan, bestetik, ainitz biarnes euskaldunekin ezkondu zirela eta ikerketak elkarrekin daramazkigula", gehitzen du Monika Legartok.

"Argentinako Pigüé herrian, konparazio, ainitz euskaldun bada eta EuskalKultura.com-en ikusi dut berrikitan euskaldunak elkarretaratzen hasiak direla. Joan den urtean Pigue-n nintzen, han baitut ene amaren familia eta Aveyron-eko jendeekin ezkonduak dira", esaten digu Euskal Argentinako lehendakariak.

Elkarteen izaerari buruz, Monika Legarton argitzen du "gure antzeko elkarteak dir(el)a, nahiz eta beren Argentinako diaspora ez den kopuruz gurearekin konparatzen ahal". "Batzuk eginbide humanitario bat ere badaramate, guk, esaterako, egiten ez duguna".

Elkarretaratze hau, lehen aldikoz, Aveyron-eko Saint Côme d'Olt herrian iragan zen 2011-an. Aurtengoak, beraz, bigarren topaketak dira Garazi eta Amikuze Herri Elkargoak, Crédit Agricole banketxea, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorra eta Donapaleuko Jean Errecart erakundea.

EGITARAUA

Irailaren 28a, larunbata

-Goizean: Ongi etorria eta trenez Donibane Garaziren bisita. Bazkaria Izpurako Faustin Bentaberri gelan, Pilpil kantari taldeak alaiturik
-Arratsaldean: solasaldiak, elkarte bakoitzak bere bizitza, eginkizunak eta proiektuak aurkeztuko ditu. Elkarteetako bakoitzak 20 minutuko mintzaldia eginen du, denei zabalik
-Iluntzean: afaria toki berean. Kantari arituko da Xuberoko Jean Bordaxarren taldea. Burgaintzi dantzari taldea eta tango erakusketa

Irailaren 29a, igandea

-Goizez: Bankako Goikotxea amuarrain-haztegiara ikustea eta Urepele Aldudeko haranaren bisita. Gero Irulegiko arnoxaiaren bisita.
-Eguerditan: bazkaria Donazaharreko Mendy ostatuan. Bankako kantariek alaiturik eta Mixel Etchenique akordeolariak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia