euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinarako emigrazioari buruzko ikerketak partekatu zituzten Euskal Argentinak Izpuran bildu zituen elkarteek

2013/10/04

Frantxua Juanikotenak Pierra Lako ohorezko presidenteari bertsoak jarri zizkion, eta biziki hunkitu zen Lako Euskal Argentina elkarteko lagunek egin zioten omenaldiarekin (argazkia EuskalArgentina)
Frantxua Juanikotenak Pierra Lako ohorezko presidenteari bertsoak jarri zizkion, eta biziki hunkitu zen Lako Euskal Argentina elkarteko lagunek egin zioten omenaldiarekin (argazkia EuskalArgentina)

PUBLIZITATEA

Frantses estatuko Argentinarako emigrazioarekin zerikusia duten elkarteak Izpuran bildu ziren iragan asteburuan, irailaren 28 eta 29an, Euskal Argentina elkarteak deituta. Bileran elkarte bakoitzak bere ekimenen berri eman zuen eta azken ikerketen emaitzak partekatu zituzten. Euskal Argentinak, adibidez, Argentinara eta Uruguaira joan ziren Iparraldeko emigranteen erregistroa biltzen ari da eta dagoeneko baditu Saratik eta Irisarritik "letxero" joan ziren 800 lagunen datuak. Asteburuan omenaldia egin zioten Euskal Argentinako presidente-ohi Pierra Lakori eta Frantxua Juanikotenak jarri zizkion bertsoek hitz egin ezinik utzi omen zuten, Monika Legarto elkarteko presidenteak adierazi duenez.

Izpura, Nafarroa Beherea. Ehun lagundik gora bildu zituen asteburuan Euskal Argentina elkarteak Izpuran deitu zuen bilkurak eta bi egunez Argentinarako eta Uruguairako emigrazioa izan zute hizpide. Monika Legarto, Euskal Argentina elkarteko presidentea, oso pozik agertu da bilkuraren emaitzarekin.

Larunbat goizean Donibane Garazi ezagutuz hasi zen eguna eta partehartzaileek tren ttipian osterakoa egin zuten herria bisitatzeko. Ondoren bazkarira bildu ziren, Pilpil talderaren musikarekin alaituta.

Euskal Argentinaren ikerketak

Bazkalostean bileran parte hartu zuten taldeek euren ekimenen berri eman zuten. Euskal Argentinako Monika Legartok euskaldunen emigrazioa aipatu zuen, ala Hegoaldeko zein Iparraldekoa. Elkarteak egin dituen ikerketen berri eman zuen: Apheza artxiboetan eta baita Nantes-eko kontsulatuko emaitzetan hasi dutena. "Azken honetan jadanik Sara eta Irisarri herrietako emaitzak zerrendatuak dira eta baita Uruguai eta Argentinan letxero arizan diren guzien izen eta jatorrizko herriak ere. Orotara 800 izen".

Euskal Argentina Bilkura 2013

[Bilkurako partehartzaileen talde argazkia (argazkia Euskal Argentina)]

Legartok elkarteak dituen zailtasunak ere aipatu zituen, dirulaguntza falta dela eta. Bere esanetan, proiektu interesgarriak badituzte, baina finantzamendu eskasez ezin eramanak aintzina.

Bertan izan ziren beste elkarte batzuk hauek izan ziren: Aveyron-eko "Rouergue Pigüe", ABAU elkartea (Bigorre Argentine Uruguay), Biarnoko AFAB eta AME (Association pour la Mémoire de l'Emigration) elkarten federazioa. Arratsaldean dantza eta musika ikuskizunak alaitu zuen giroa. "Xuberotar kantariek xoratu dituzte jendeak, baita Burgaintzi taldeko 30 dantzari gaztek. Bi tango dantzari juntatu zaizkie Baiona eta Irun-etik etorriak. Eta bururatzeko, Aveyron-eko dantzariek beren dantza tradizionalak eskaini dituzte", esan du Legartok.

Euskal Argentina kantariak 2013

[Xiberoko kantariak ikuskizunean (argazkia Euskal Argentina)]

Pierra Lakori omenaldia

Igande goizez, inguruetara bisita egin zuten bilkurako partehartzaileek: Bankako Goikotxea arraintegira, Frantxua Juanikotena maixu; Aldude Urepeko haranera eta Irulegiko sotora, Laxague zuzendaria erakusle zutela. Eguerdian bazkaria egin zen bilkurari amaiera emateko. Han ere ez zen musikarik falta izan, Mixel Etxenique akordeolaria, Mikel Etchavarria kantaria eta Bankako artzain kantariekin.

Eguneko une hunkigarriena Pierra Lako presidente ohiari egin zioten omenaldia izan zen. Ezusteko galanta izan zen berarentzat, eta biziki hunkitu zen Frantxua Juanikotenak berarentzat idatzitako bertsuak kantatu zizkionean. Ondoren Monika Legartok ohorezko aginte makila eman zion opari. "Pierra Lakok ezin izan zuen hitz bakar bat erran ahal izan, hain zen hunkitua. Negar malkoak ezin garraituz zegoen", esan du Legartok.

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia