euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinara emigratutako Domingo Elizondo aribetarra ezinbestekoa izan zen Irati trenaren jaiotzan

2007/12/31

Irati trena Uharte herritik pasatzen (argazkia Diario de Navarra)
Irati trena Uharte herritik pasatzen (argazkia Diario de Navarra)

PUBLIZITATEA

Trenaren proiektua aspalditik zegoen ahoz aho Irati ibaiaren ertzean dauden herri guztien biztanleen artean. Merkatura etxeko produktuak saltzera joateko eta batez ere mendietan zuten egurrari aterabidea emateko ezinbestekoa zela argi zuten udaletan, ordurarte bi egun behar baitzituzten hiriburura joateko. Iruñearen eta Zangozaren arteko trenbidearen proiektua 1896an aipatu zen lehen aldiz baina garestiegia zen eta diru sarrerak eskasak ziren. 1901ean Argentinara emigratutako Domingo Elizondo Cajen Nafarroara itzuli zen dirutza ederrarekin eta bere finantziazioari esker 1911ko apirilaren 23an Irati trenak bere lehen ibilbidea osatu zuen.
Fernando Hualdek 130 argazki eta 200 dokumentu bildu ditu Iruñatik Zangozaraino ibilbidea egiten zuen trenaren inguruan. Hasiera batean Urrualbeitiko herrian utzitako aztarnak baino etzituen bildu behar baina Iratik bere garaian izandako garrantziaz ohartuta, ibilbide osoa hartu du haintzat. Trenaren historiari begira, ezinbestekoa da Diasporara emigratutako Domingo Elizondo Cajenen aipamena, bera izan baitzen proiektu hau errealitate bihurtzeko pertsonarik garrantzitsuenetarikoa.

Domingo Elizondo Nafarroako Aribe herriko familia xume batean jaio zen 1848. urtean. Buenos Airesera emigratu zuenean bertako portuan ibili zen lanean eta ondoren, bertaratutako beste euskaldun askoren antzera, artzain lanetan aritu zen. Hala ere laster hasi zen burdingintzan eta segituan egin zuen gora hierarkian. Dirutza handia egin zuen, bai industria munduan eta baita egindako inbertsioekin ere.

[Irati trenaren geltokia, gaur egun Iruñako aduana dagoen lekuan (argazkia Diario de Navarra)]

Sorterrira buelta

Argentinan 35 urtez bizi eta gero, osasun arazoak zirela eta sorterrira itzuli zen bere bi alabekin eta alarguna zelarik. Aribera iristean burdindegi bat eta egurra erabiltzeko Irati SA enpresa ireki zituen. Nafarroara heldu eta lau urtetara Elizondok eta Vicente Diazek hainbat bilera egin zituzten trenbideak zeharkatuko zituen udaletako arduradunekin. Hasierako proiektua Agoitz eta Iruñea artekoa zen, batez ere egurra garraiatzeko, baina laster onartu zen Zangozaraino luzatzea.

1911ko apirilaren 23an Irati trenak lehen ibilbidea egin zuen. Arrakasta izugarria izan zen hasiera batetik eta bi egun beranduago Iruñea eta Uharteren arteko hurbileko zerbitzu bat egin zen. Guda ostean ordea autobusek indarra hartu zuten eta trenaren gainbehera etorri zen horrekin batera. Domingo Elizondo 1929an zendu zen 81 urterekin. Hogeita sei urte beranduago, abenduaren 31n, Irati trenak azkenekoz egin zuen bere ibilbidea.


Lotura interesgarriak

"Berria" egunkarian 2007ko azaroaren 15ean argitaratutako artikulua
www.berria.info

"Irati S.A." María Castiella Rodriguez-ek idatzia
dialnet.unirioja.es


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia